FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek turismoa kudeatzeko tokian tokiko ereduen gidaliburua aurkeztu du


FEMPeko Turismo Batzordeko presidenteak, Eivissako alkate Lurdes Costak, Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur) turismoa kudeatzeko tokian tokiko ereduen gidaliburua aurkeztu du. Dokumentuan udalerri turistikoen problematikari buruzko gogoeta bat jaso dute, eta turismoa kudeatzeko erakunde mistoak sortzearekin lotutako jardunbide egokien zerrenda bat agertzen da.


 
 
Ekimen hori Turespañak eta FEMPek babesten duten Helmugak Sustatzeko Euskarriak programaren barruan dago. Programa horretan,  guztira, 109 erakundek parte hartu dute; gehienak, tokiko erakundeak dira (udal erakundeak eta udalez gaindikoak) eta, gutxi batzuk, turismoa kudeatzen duten erakundeak.
 
Gidaliburuan agertzen diren jardunbide egokiak Alange (Badajoz), Benicassim (Castelló), Kordoba, Elx, Real Sitio de San Ildefonso (Segovia) eta Valladolideko udalen proiektuak dira.  
 
Gidaliburua FEMPeko turismo batzordeak bultzatu du eta udalek eskaintza turistikoa zein zerbitzuak eraginkortasunez kudeatu ahal izateko formulak eskaintzen ditu. Horretarako oinarritzat hartu den ideia da turismoa tokian tokiko politiketako zeharkako jarduera dela eta udalerrian lana zein aberastasuna sortzeko funtsezkoa.
 
FEMPeko Turismo Batzordeko presidenteak azaldu duenez, «erantzunkidetasun eta kofinantzazioan oinarritutako eta enpresa sektorearen parte-hartzea bermatuko duen kudeaketaren aldeko apustu argia da», eta, aldi berean, «epe luzera turismo politika iraunkorrak eta kalitatezkoak bermatuko dituzten kudeaketa egitura egonkorrak sortzearen aldeko apustua».
 
Lurdes Costak baieztatu du helmuga turistiko bakoitzaren atzean zerbitzuak ematen dituen udal bat dagoela eta, arlo horretan eskumen zuzenik eduki ez arren, «eskumendun» eta beren «turisten arduradun» sentitzen direla.  Ildo horretan, Helmugak Sustatzeko Euskarriak programaren etorkizuneko garapenean Turespañarekin batera lanean jarraitzeko asmoa adierazi du, baita udalerri turistikoen berariazko finantzazioa hobetzekoa ere.
 
Gidaliburuaren edukiari aipamen eginez, gaur egun tokiko erakundeek profesionaltasun maila handiagoa eta helmugaren ikuspegi integrala daukatela nabarmendu du eta ez dagoela sustapen kanpainak egiteari edo azpiegitura handiak eraikitzeari bakarrik lotuta, aurreko urteetan bezala.
 
Eivissako alkateak ondoko lorpenak nabarmendu ditu, besteak beste: turismo produktu bereziak sortu izana, zerbitzuaren kalitatearen aldeko apustua, baliabideen erabilera iraunkorra eta teknologia berrien erabilera. «Gure eskaintza eta gure sustapen kanpainak berezi egiten dituzten elementuak dira».  Azken finean, gaineratu duenez, tokiko erakundeek turistak eskatzen dituen zerbitzuen emaile nagusi gisa eduki behar duten funtsezko rola islatzen du gidaliburuak.
 
Gidaliburuaren aurkezpen ekitaldian, Lurdes Costarekin batera, Turespañako Garapen eta Iraunkortasun Turistikoko zuzendari laguntzailea den José Díaz, Valladolid, SL-ko Turismo Sustapeneko kudeatzaile Gabriel Ureta, Kordobako Turismo Partzuergoko presidente Vicente Carmona, Elxeko Turismoa fundazioko kudeatzaile Enrique Pineda eta FEMPeko Ekonomia eta Ogasun zuzendari Carlos Prieto izan dira.
 
Turespañako ordezkariak adierazi duenez, “Euskarriak” programaren emaitzekin pozik dago, udal mailan mintzaide sendoak aurkitzeko balio duelako, eta kudeaketa organo mistoak sustatu dituelako.  «Eredu horrek etorkizunerako balio du, sinergiak eta eskalako ekonomiak sortzen dituelako» eta komunikazio kanal egonkor eta eraginkorrak sortzeko bidea irekitzen duelako. Azken horretarako, lurralde administrazioak eta enpresa eragileak tartean sartzen ditu.
 
Programak hurrengo urteetan aurrera jarraitzeari dagokionez, José Díazek berriz heldu ahal izango zaiola espero du, baina «baliabide publikoen halabeharrezko optimizazioan oinarrituta».
 
Helmugak Sustatzeko Euskarriak
 
Helmugak Sustatzeko Euskarriak programa (programa horren garapena FEMPek aurkeztutako gidaliburuan aztertzen da), 2007an jarri zen martxan eta toki erakundeek hiru laguntza deialdi jarrai egin dituzte, helmugen turismo kudeaketaren hobekuntza bultzatzeko.Parte-hartzaile gehienak, % 42, barnealdeko helmugak dira, Kultur Turismoaren eta Hiri Turismoaren (City Breaks)barruan sailkatuak; % 28 kostaldeko helmugak dira, eguzki eta hondartza helmugak hain zuzen; eta geratzen den helmugen % 26 Landa Turismoa.
 
Programa honen esperientziak erakusten duenez, kasuen % 52an erakunde parte-hartzaileek turismoa kudeatzeko erakunde misto berri bat sortu dute, eta enpresa sektoreak ere parte hartzen du.  Beste % 17k dagozkien enpresa sektoreekin lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte, proiektuak eta/edo programak ezartzeko.  Proiektu horiei dagoeneko martxan zeuden kudeaketa erakundeak indartzearekin lotutakoak gehitu behar zaizkie. Azkenei esker, erakunde horiek enpresa sektorearen partaidetzari dagokionez hobetu egin dira edo plangintza ekintzak gauzatu dituzte; parte hartzaileen % 15 talde honetakoak dira, gutxi gorabehera. 
 
Beste datu adierazgarri bat da Helmugak Sustatzeko Euskarriak programan parte hartu duten erakunde gehien-gehienek, % 70ek baino gehiagok, turismoko plan estrategiko bat egin dutela, % 47k produktua garatzeko plan bat ezarri dutela eta % 36k turismoko marketin plan bat ere egin dutela.