FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Europako Mugikortasun Astea 2010 aurkeztu da


Hiri-mugikortasuneko aukera berriak eta, batez ere, hiri-eredu berriak behar dira, hiritarrek osasuna eta ongizatea irabaz dezaten eta ingurumena hobetu dadin; horiek izan ziren Elena Espinosa eta Trinidad Jiménez ministroek eta Vigoko alkate eta Klimaren Aldeko Hirien Espainiako Sareko lehendakari den Abel Caballerok 2010eko Europako Mugikortasun Astearen aurkezpenean egindako proposamen nagusiak. Irailaren 16tik 22ra izango da aste hori, “Mugikortasuna, Osasuna eta Segurtasuna: zentzuz mugitu eta hobeto bizi” lelopean.


 
 
 
  
Madrilen egindako aurkezpen-ekitaldian José Antonio Serra geriatrak ere parte hartu zuen, eta ariketa fisikoak osasunari dakarzkion onurei buruz hitz egin zuen.Onura horiek azpimarratu zituen Abel Caballerok udalek abian jarritako Mugikortasun Iraunkorreko Planei buruz berba egin zuenean. Datozen urteetan iraultza ekarriko duten ekimenak ere aipatu zituen, adibidez hiriguneak oinezkoentzat bihurtzea, jendea oinez ibil dadin, ibilgailu pribatua etxean utzita.
 
Proposamen horrekin batera, Caballerok garraio publikoaren alde egin zuen, eta bere erabilera sustatzeko garraio publikoari ibilgailu pribatuak ez dituen abantaila konparatiboak –prezioa, erosotasuna, …– gehitu behar zaizkiola esan zuen; halaber, ondo iritzi zion desplazamendu modu alternatiboak, auto elektrikoa kasu, ezartzeari, eta horretarako hiru administrazioen elkarlana beharrezkoa dela nabarmendu zuen; eta epe ertainera hiriak berriro diseinatzea eta egitura polizentrikoak izatea defendatu zuen, gune bakoitzean zerbitzuak dituztelarik, desplazamendu handirik egin behar izan gabe.Bere iritziz, XXI. mendeko hiriak, ingurumen-kontzientzia gizarte-ehunean errotuago duenak, zerikusi gutxi du XX. mendeko hiri-ereduarekin, zeinetan distantziek garrantzi gutxi zutela ematen baitzuen.Orain beharrezkoa da hiri-plano berriak ezartzea; hona hemen bere hitzak: “edo gure hiriak aldatzen ditugu, edo klima-aldaketa dela-eta, gureak egin du”
 
Astearen inaugurazio-ekitaldian, Trinidad Jiménezek, Osasun eta Gizarte Politikako ministroak, mugikortasun-kultura berria sortu behar zela esan zuen, atmosferaren kutsadurak eragindako osasun-arazoak –arnasketako gaixotasunak, kardiopatiak– eta ariketa fisikoaren ezak eragindakoak –gehiegizko pisua eta obesitatea– gutxitzeko.Trinidad Jiménezek bere Ministerioaren proposamen bat aurreratu zuen gainera: Gobernuak proposatutako legegintzako ekimen guztiak osasunarentzako ondorioei buruzko txostenekin osatu beharko lirateke.
 
Elena Espinosa ministroak, bere aldetik, aurtengo edizioko ekimenak udalerri guztien aldeko apustua zirela esan zuen, haiek baitira protagonista nagusiak gure hirietan mugikortasun iraunkorra bultzatzeko politikak garatzeko orduan, instituzio, erakunde eta enpresen bidez ordezkatutako gainontzeko gizarte zibilarekin batera.
 
Europako Mugikortasun Astea kontzientziazio-kanpaina bat da herritarren artean garraio-mota iraunkorrak, hala nola, garraio publikoa, bizikleta edo oinez ibiltzea, hainbat ekintzaren bitartez sustatzeko. Bestetik, Europako hiriei dei egiten zaie garraio-modu horiek bultza ditzaten eta behar diren azpiegituretan inbertitu dezaten.
 
Europako Mugikortasun Astea 2002an hasi zen, eta orduz geroztik indartuz joan da.2009an ofizialki 2.181 hirik hartu zuten parte, 237 milioi europar barne hartzen zituztela.Espainian ere parte-hartzea gora joan da urtetik urtera, eta 2009. urtean errekorra lortu zen, bai tokiko agintarien, bai beste gizarte-sektore batzuen aldetik ere: 390 hirik, 39 gizarte-erakundek, 18 enpresak eta 21 instituziok hartu zuten parte.Parte hartu duten 390 hiriek 3.806 neurri iraunkor ezarri dituzte, batez beste ia 10 neurri iraunkor parte hartutako udalerri bakoitzeko, eta horretan Espainia aitzindaria izan da Europar Batasunean, bera izan zelako Europako Mugikortasun Astean parte hartu ahal izateko baldintza hori exijitu zuen lehenengo herrialdea