FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek Lehia Auzitegian kexa aurkeztuko du, argindar enpresek udalerrietako horniduraren kontratazioan izan duten jokabidea dela eta


FEMPek kexa bat aurkeztuko du Lehia Babesteko Auzitegian eta Espainiako Energiaren Batzorde Nazionalean (CNE) argindar enpresek, sektore horren araudi berria indarrean jarri denetik, hornidura elektrikoa kontratatzeko prozesuetan udalerriekiko izan duten jokabidearengatik. Federazioko Batzorde Betearazleak horixe erabaki du gaur, Ogasun eta Udal Finantzaketa Batzordeak hala eskatuta, udal batzuk (batez ere txikienak) izaten ari diren oztopoen berri jaso ondoren.


 
Administrazio publikoek, oro har, eta, bereziki, udalek, arazo larriak dituzte, FEMPek dioenez, udal askok ezin dutelako hornidura elektrikoa baldintza berrietan kontratatu, enpresa komertzializatzaileen eskaintza faltarengatik eta, kasu batzutan, lizitazioetan parte hartzeko enpresa hauek exijitzen dituzten baldintzengatik.
 
Udalak merkatu librera jotzera behartuta daude, beraien potentzia kontratatua 10 kilowattekoa baino handiagoa delako, eta, horretarako, lehiaketa publikoak egin behar dituzte. Joan den abenduaren bukaeran, Gobernuak udalei beren kontratuak berritzeko epea luzatu zien, 2011ko abenduaren 31ra arte, baina arazoak ez dira hor bukatu. Frailes (Jaén) herriko udalak, adibidez, lehiaketa iragarri ondoren esleitu gabe utzi behar izan du, inor ez baita aurkeztu.
 
CNAL
 
Batzorde Betearazleak hartutako beste erabakietako bat honakoa izan da: Gobernuari eskatzea Toki Administrazioko Batzorde Nazionalaren (CNAL) hurrengo bileran adieraz dezala zein defizit mailaren azpitik ez diren egongo behartuta udalak ekonomia eta finantza plan bat egitera.
 
 
Ekonomia Iraunkorraren Lege Proiektuari zuzenketak
 
FEMPeko Batzorde Betearazleak Senatuko talde parlamentarioei Ekonomia Iraunkorraren Lege Proiektuari dagokionez aurkeztu zaizkien zuzenketa proposamenen berri jaso du.
 
Horien artean, zerbitzu publikoengatik kobratzen dena argiago zehazteko hobekuntza tekniko bat azpimarra dezakegu: tasa eta prezio publiko kontzeptuak, edo beste edozein.
 
Eskatzen den beste aldaketetako bat 36. artikuluaren testua ezabatzea da. Artikulu horretan, aurrekontua Estatuko Administrazio Orokorrera bidali ez duten udalei konturako entregak atxikitzea aurreikusten da. FEMPek auzi hori udal-finantzaketaren erreformari buruzko negoziaketan eztabaidatzea eskatzen du edo, behintzat, erabaki hori hartu aurretik Toki Administrazioko Batzorde Nazionalak (CNAL) txostena egin dezala, eta kasu bakoitza azter dadila.
 
FEMP ez dago udalek beren aurrekontuen likidazioak Estatuko Administrazio Orokorrera bidali behar izatearen kontra, baina CNAL elkarrizketa organoa martxan egonda, ez zaio egokia iruditzen atxikipena mekanismo automatiko baten bidez egitea, erakunde horrek txostenik egin gabe.
 
Arkitekto eta aparejadoreekin hitzarmenak
 
FEMPeko lehendakari Pedro Castrok Zuzendaritza Batzordeak hartutako beste erabaki baten berri eman du: interesdunekin hala adostuta, FEMPek arkitekto-elkargoetako eta aparejadore eta arkitekto teknikoen elkargoetako kontseilu nagusiekin sinatutako aldebiko hitzarmenak salatuko ditu. Lehia Babesteko Batzorde Nazionalak zigor-espediente bat jarri zuen hitzarmen horien aurka.
 
Irisgarritasun unibertsala
 
FEMPek irisgarritasun unibertsaleko udal-plan proposamen bat prestatu du, udalek hiriaren eraldatzeari ekiteko eredu bat izan dezaten, diseinu unibertsalaren kontzeptuan oinarrituta. Hala, pertsona guztientzat eta, bereziki, ezintasunen bat dutenentzat irisgarriak izango diren ingurune, ibilbide eta zerbitzuak izango dituzte.
 
Jardueren helburua normalean erabiltzen diren lekuetan oztopoak kentzea da, adibidez: kaleetan, plazetan edo parkeetan; eraikin publikoetan –kultur ekipamenduak, bulego administratiboak, osasun zentroak edo ikastetxeak–; garraio-kateako elementuetan –ibilgailuak eta material mugikorrak edo geltokiak–; komunikazio sistema publikoetan –bereziki herritarrei arreta eskaintzen dizkien baliabide teknikoak eta udalaren webgunea– eta, orokorrean, gainerako zerbitzu publikoetan.
 
Parte-hartzezko aurrekontuak
 
FEMPeko Zuzendaritzak onartutako beste dokumentuetako bat gidaliburu bat izan da. Gida horren xedea da udal-gobernu taldeek herritarrei aurrekontuak egiteko prozesuan parte-hartze aktibo eta zuzena izateko aukera ematea. Demokrazia parte-hartzailean sakontzeko eta oraindik herritarren parte-hartze bide hau jorratu ez duten udalerrietan prozesua martxan jartzea errazteko tresna bat da.
 
Hitzarmenak
 
FEMPek Espainiako Gurutze Gorriarekin lankidetza arloko esparru hitzarmen bat izenpetuko du, tokian toki gizarteratzea bultzatu, arrisku egoerak saihestu eta herritarren arteko bizikidetza sustatzeko. Lankidetza hori udaleko oinarrizko zerbitzuen eta Gurutze Gorriaren tokiko batzarren bidez egingo da.
 
Zuzendaritzak REDTEL elkartearekin hitzarmen bat sinatzeari ere oniritzia eman dio. Horren arabera, telefonia mugikorreko sareen azpiegiturak zabalduko dituzte, eta, zehazki, FEMPen esku dagoen Aholkularitza Teknikorako eta Informaziorako Sistemaren (SATI) funtzionamenduari eta mantentzeari jarraipena emango diote 2011n.