FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Espainia da bere hiri jardunbide egokiengatik Nazio Batuen Erakundeak gehien saritu duen estatua


Hirietako bizi-baldintzak hobetzeko Dubai 2010 - Jardunbide Egokien Nazioarteko Zortzigarren Sariak eman dituzte. Bartzelona eta Noaingo udalek lehenengo saria jaso dute. Sari hauek NBE–HABITATek ematen ditu eta Espainiako Sustapen Ministerioaren laguntza dute.


 
Bi ekimen horiek atzo egindako ekitaldi batean aurkeztu zituzten eta hainbat partaide izan ziren bertan: bi udalerrietako ordezkariak, FEMPekoak, Etxebizitzako Estatu idazkari Beatriz Corredor eta NBE–HABITATeko zuzendari exekutibo Joan Clos. 1996an sari hauek eratu zirenetik, estatu batek deialdi berean bi lehenengo sari lortu dituen lehenengo aldia da. Saritutako ekimenak Noaingo Klima Aldaketaren Udal Plana eta Bartzelonako Udalaren Eskola Agenda 21 dira. Sari hauekin, Espainiak dagoeneko nazioarteko zortzi sari jaso ditu lehiaketa honetan, eta lehenengo sariak lortu dituzten estatuen artean aurreneko postuan dago.
 
Ekitaldia Madrilgo Zurbano jauregian egin zuten eta FEMPeko ordezkariak ere bertan izan ziren. Hain zuzen, FEMPeko Klimaren aldeko Hirien Sareak ere aipatutako saria jaso zuen, 2008an. FEMPeko Lurralde Ekintzako zuzendariak, José María Velásquezek, federazioak hirigintza alorrean jardunbide egokiak bultzatzeko eta hedatzeko egindako lana nabarmendu zuen, baita Espainiako Klimaren aldeko Hirien Sarearen lorpenak ere.
 
Beatriz Corredorren hitzetan, «sari hauek hirien garapen iraunkor eta parte-hartzailea eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza eraginkorra laguntzeko eta sustatzeko Espainian egin diren ekimen aitzindariak ospatzeko dira».
 
Sustapen Ministerioak, Espainiako Habitat Batzordeko idazkaritza iraunkorra izanik, udalek jardunbide egokietan parte-hartzea bultzatzen du, eta Nazio Batuen Erakundeak ezarritako baldintzak betetzen dituztenak hautatu eta sarietara bidaltzeko koordinazio-lana egiten du.
 
Bestetik, Joan Closek nabarmendu zuen munduko zenbait lekutan jendea hirietarantz doala gero eta gehiago, krisi ekonomikoaren, lehengaiak garestitzearen, eskasiaren eta hondamendi naturalen ondorioz, eta horrek gutxieneko bizi-baldintzarik ere ez duten txabolismo eremuak, ugaritzea eragin du.
 
Egoera honetan, NBE-Habitat erakundearen lanak oinarrizko bi ildo nagusi ditu: alde batetik, zailtasun gehien dituzten lurraldeetako gobernuei aholkuak ematen dizkie eta, bestetik, lurralde horietako tokian tokiko komunitateekin zuzeneko lana egiten du.
 
Bartzelonako Udalaren Eskolako Agenda 21
 
Bartzelonako Udalaren saritutako proiektua eskolei zuzendutako ekimena da eta Bartzelona hiriko Agenda 21ekin bat dator, Inma Mayol Ingurumeneko arduradunak azaldu zuenez. Programa honen bidez, hezkuntza komunitateek hiri iraunkorragoa sortzeko diagnostikoetan parte hartzen dute, irtenbideak bilatzen dituzte eta konpromisoak hartu, bakoitzaren ingurune hurbiletik hasita; eskolatik, alegia. Jarduera hauek 2001ean hasi ziren eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza maila guztietako 350 eskolak baino gehiagok hartu dute parte. Azken ikasturtean, programan 81.882 ikaslek, 7.583 irakaslek, ikastetxeetako beste 1.481 langilek eta 62.970 familiak hartu zuten parte.
 
Espainian ekimen aitzindaria da eta Espainiako, Italiako, Portugaleko eta Latinoamerikako beste hiri batzuetara zabaldu da.
 
 
Noaingo Klima Aldaketaren Udal Plana
 
Óscar Arizcuren Ingurumeneko zinegotziak azaldu zuenez, Noaingo egitasmoaren xedea hiriko ingurumena babestea da, eta udalerrian energia aurrezteko eta eraginkortasuna lortzeko egindako zenbait jardueraren emaitza izan da. Egitasmoaren helburu nagusia Udalaren eskumenen barruan klima aldaketa geldiarazten laguntzea da, honako neurrien bidez: Energiaren Udal Plana bultzatu, energia berriztagarriak sustatu, herritarrak klima aldaketaren aurkako borrokan sentsibilizatu eta parte-hartzea bultzatu, mugikortasun iraunkorra sustatu eta CO2-rako hustubideak ugaritzea, besteak beste.
 
Lorpen nabarmenenak honakoak dira: energia berriztagarrien 15 udal-instalazio ipini izana, energia eraginkorrari eta kudeaketa iraunkorrari buruzko neurriak ezarriz urtean 300.000 euro aurreztea, herritarrak gehiago kontzientziatzea eta 35.000 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago landatzea.