FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPeko lehendakariak garbi-garbi esan du: ekonomia berrindartzeko eta enplegua sortzeko, Europako administrazio guztiek lankidetzan jardun behar dute


Pedro Castro FEMPeko lehendakariak garbi-garbi esan du, ekonomia berrindartzekotan eta enplegua sortzekotan, Europako administrazio guztien lankidetza zintzoa beharko dela. Lurralde Politikako ministroak Malagan batu dira, eta FEMPeko lehendaria ere han izan da. Gogorarazi die tokian tokiko gobernuak estrategikoki ezinbestekoak direla baliabideak artez erabiltzekotan eta emaitza hobeak erdiestekotan, esan die udalerriek askorako balio dutela, Europaren luze-zabalean izugarrizko sare zabala osatzen dutela, eta baliatzeko haietaz lasai asko.


Erkidegoko politikak eta estrategiak definitzeko eta aplikatzeko orduan, tokian tokiko gobernuak “aparteko bazkide" modura hartzeko eskatu du, eta ez “bitartekari huts” modura.

 

Gogorazi die tokiko gobernuak aurrerantzean ere hortxe egongo direla, ekonomia berrindartzen laguntzeko prest: “lanerako beldurrik gabe, gure bitarteko guztiak erabiltzeko prest, eta gure lurralde kozkorretan daukagun indarra eta betetzen dugun aitzindari-lana ahaztu gabe". Europar Batasunak eta estatuek erabakiak herritarrentzat hartzen dituztenez, funtsezkoa omen da, erabakiok hartzen dituztenean, herritarrengandik hurbilago ibiltzea. Horregatik, subsidiariotasun-printzipioa aipatu du, eta esan du Lisboako Tratatuan ere hitzez hitz dagoela aitortuta, eta orain egin beharrekoa dela bene-benetan aplikatzea.

 

Europar Batasunaren lehendakaritza Espainiaren esku dagoela-eta, Lurralde Politikako ministroek lagun arteko bilera bat egin dute, eta bilera horren baitan, subsidiariotasunari buruzko lan-saio bat ere izan da, eta saio horretan esan ditu, hain zuzen ere, gauza horiek Pedro Castrok.

 

Getafeko alkateak tokiko gobernuak zein hurbilekoak diren gogorarazi du. Esan du hurbiltasun horrek izugarrizko balioa duela maila anitzeko gobernantza egokia lortzeko estrategia orotan –horixe baita Malagako ministro-bileraren helburu bide-erakusleetako bat-, eta gogora ekarri du, era berean, politika publikoak osatzen eta exekutatzen ere badutela zer ekarria, batez ere lurralde-politikak eta kohesiorakoak.

 

FEMPeko lehendakariak azpimarratu zuen udalerriek osatzen dutela “Europan denik eta sare publikorik zabalena, Europako lurralde oso-osoan zabalduta dagoen bakarra”, eta, hortaz, benetan giltzarri-lana egiten dutela gizartearen kohesiorako eta “Europarako denok desio dugun” ekoizpen-eredu berria bultzatzeko eta garatzeko: iraunkorra eta sormenean eta elkartasunean oinarritua.

 

Zer esan nahi zuen azaltzeko, adierazi zuen gaur egun, jada, erkidegoko legeen % 70 aplikatzeko ardura toki-gobernuen esku dagoela, eta, hori hala bada, ez omen da "kasualitatez", eta egin beharrekoa omen da errealitate hori lankidetzarako tresnetara eta erakundeetara egokitu.

 

Pedro Castroren arabera, garbi dago, beraz, subsidiariotasun-printzipioa “funtsezkoa” dela Europa herritarrengana hurbiltzeko, eta politika publikoak antolatzeko eta exekutatzeko orduan, ere, “ezinbesteko erreferentzia” omen da.

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)

18/03/2010

> Ir a la videoteca_x