FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Ordezkari politikoek adierazi dute FEMPek baduela ordezkagaitasuna eta elkarrekin jardun beharra dagoela toki-erakundeen gobernuen alde egiteko.


FEMP osatzen duten alderdi politikoen eledunak bat etorri dira Federazioak izan beharreko eginkizun instituzionala azpimarratzeko orduan. Horien ustez, Federazioak estatuaren eta autonomia-erkidegoen hizketakide izan behar du, eta gainera ekintza-batasunaren alde ere egin behar dute, tokiko gobernuentzako beste estatutu bat lortu ahal izateko, beste finantziazio-sistema bat eskuratzeaz gainera. Horrekin batera, denek aitortu dute bazkideen aldeko lan handia egiten duela Federazioak, eta funtzionamendua hobetu beharko lukeela ere iradoki dute.


 
 
Eztabaidan ondorengo pertsonek hartu dute parte: PSOEren izenean, Ramon Roperok, PPren izenean, Luis Partidak, IUrenean, Andres Ocañak, eta CiUren ordezkari, Lluis Guinók; denak ere FEMPeko Batzorde Eragileko kideak dira.
Lluis Guinó, Besalúko alkatearen ustez, autonomia-erkidegoekiko harremanak modutzea izan beharko litzateke FEMPek berehalako etorkizunean aurrera eraman beharreko lanetako bat, eta baita udal txikiek beren jardunean eta helburu estrategikoetan dituzten arazoei arreta handiagoa eskaintzea ere. Lehenengo puntuari dagokionez, esan zuen FEMPen egitekoa udalek estatuaren baitan izango dutenari oso lotuta dagoela, eta etorkizuna sarean lan egitetik datorrela.
CiUren ordezkariak jendaurrean aitortu zuen FEMP egiten ari den lana, eta alderdi abertzale bateko kide den neurrian, “onartzen du Federazioan duten ordezkaritza-maila”.
Guinó jaunak udalek ekotasa deiturikoa ezartzeko aukera ere izan zuen aipagai, eta esan zuenez, era horretako gaiak dira, hain zuzen ere, FEMPen aztertu beharrekoetako batzuk, herritarrei azalpenak eman ahal izateko.
Ezker Batuko ordezkariak, Kordobako alkate Andrés Ocaña jaunak, defendatutakoaren arabera, udalerriek etorkizunik izango badute, tokiko gobernuen lege berriek eta finantziazioari buruzkoek zer nolako arrakasta duten ikusi beharko da; haren ustez, “gure sinesgarritasuna norabide horretan arrakasta izateari loturik dago”.
Ocaña jaunak egindako gogoetaren arabera, aztertu beharrean gara “ea gauzak ondo egiten ari garen”, kontuan izanda historikoki FEMPek gehiegizko mendekotasun politikoa izan duela. “Irtenbide zaila duen gaia da, baina kontuan izan beharrekoa ere bai”.
Kordobako alkatearen ustez, arazo larriena finantziazioa da, baina FEMPek lortu beharko luke estatuko erakundeek eta autonomia-erkidegoetakoek tokiko erakundeak errespetatzea, jendaurrean eragin eta irudi zabalagoa izateaz gainera. “FEMPek tokiko gobernuen eskakizunen gidari izan beharko luke”.
Villanueva de la Cañadako alkateak, Luis Partida jaunak, gogora ekarri zuen beharrezkoa zela behin betiko zehaztea zein diren tokiko gobernuen eskumenak, eta horiek eskaintzeko finantziazioa bideratzea. Badakigu zein den bizi dugun egoera, ohartzen gara horretaz, “oraingoz ez dugu finantziaziorik, baina plan bat eta urrats batzuk zehaztu beharko dira”, hori lortzeko. Horrez gainera, esan zuen beharrezkoa dela “zentzuzkoagoak izatea zerbitzuak eskaintzeko orduan, eta ahalik eta kosturik txikienarekin eskaintzea”.
FEMPi dagokionez, esan zuen asko dagoela egiteko, baina “zer garen sinistuta jardun behar dugula”; batasuna eskatu zuen, FEMP “zentzuzko zerbait delako, udalen gainerako elkarteak bezalatsu”.
Ramón Ropero, Villafranca de los Barros-eko alkate eta PSOEren ordezkariak gogorarazi zuen FEMPek tokiko gobernu guztiak ordezkatzeko eta defendatzeko betebeharra daukala, eta baita udalerriek eskaintzen dituzten zenbait zerbitzu hobetzekoa ere.
Mintzaldian gogora ekarri zuen Federazioaren misioetako bat lankidetza eta adostasuna lortzen saiatzea dela, eta argitasuna eta gardentasuna direla Federazioaren ezaugarri nabarmenenetako batzuk; garbi geratu da hori Tokiko Gobernu Onaren Kodean, aho batez onartu baitzuen.
Roperok, mintzaldiaren beste une batean, aipatu zuen estatuaren defizit handienetako bat tokiko erakundeek autonomia-erkidegoen zerga bidezko diru-sarreretan ez parte hartzea dela, nahiz eta Konstituzioan aukera horri buruz hitz egin. Gai horren inguruan, ondorengo galdera egin zuen: zer gertatuko litzateke PP eta PSOEk konstituzionaltasun ezaren errekurtsoa aurkeztea erabakiko balute, gaiaz Konstituzioak dioena betetzen ez delako? “Zaila da, autonomia-erkidego gehienetako gobernuetan daudelako, baina, zer gertatuko litzateke?”
Bide beretik, gogora ekarri zuen oraindik ere konpondu gabe dagoela FEMPen eskaera garrantzitsuenetako bat, indarrean jarraitzen duen eskaera, alegia toki-erakundeetako gobernuek Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluan lekua izatea.
Toki-erakundeen finantziazioari dagokionez, berak ez luke onartuko lege berriak toki-ogasunen gaur egungo legeak zehazten duena bezalako banaketa bidegabearekin jarraitzea. Tokiko gobernuen lege berria finantziazio-sistema berriarekin batera indarrean jartzearen alde dagoela adierazi zuen.
FEMPen barne-egiturari begira, Federazioa osatzen duten batzorde eta sareen funtzionamendua hobetu beharra aipatu zuen, eta Kontseilu Federalak eta Lurralde Kontseiluak duten eginkizun eta funtzionamenduari buruzko barne-gogoeta bati ekiteko ere eskatu zuen.

07/07/2010

> Ir a la videoteca_x