FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Gizarte eta kultur aniztasunaren integrazioa, periferiako hirien garapenaren oinarri


Bestelako mundu bat posible dela eta hirietatik eraikitzen hasi behar dela sinetsita, hiri handien inguruetako alkateak, hiru egunez Getafen egin duten bileran, euren udalerrietan erabiliko dituzten politiken ardatz nagusiak zirriborratu dituzte. Hauek lirateke politika horien oinarriak: gizarte eta kultur aniztasunaren integrazioa, hiri plangintza iraunkorragoa eta herritarren parte-hartze handiagoa.


Alderdi horiek “giltzarri izango dira egunero lantzen ditugun berrikuntza, sormen eta lehiakortasun prozesuetan”, adierazi zuen Pedro Castrok, Getafeko alkate eta FEMPeko lehendakariak, Periferiako Toki Agintarien II. Foroari (FALP) amaiera emateko ekitaldian. Hogeitik gora herrialdetako 700 bat alkate eta agintarik parte hartu zuten bilera horretan, oraintsu arte “lohiri” esaten zitzaien periferiako hirien orainaz eta geroaz eztabaidatzeko. Euren garapen eta bilakaera gero eta azkarragoei esker hiri erakargarri bihurtu direla esan zuen Getafeko alkateak.
 
Lan jardunaldietan agerian jarri zen periferiako hiriak migrazio mugimenduen hartzaile nagusiak direla eta eszenatoki estrategiko bilakatu direla gizarteratzearen aldeko borrokan, balizko gizarte gatazkak saihestu eta leuntzen dituzten gizarteratze politikak erabiliz. Hiri hauek, Pedro Castrok azaldu zuenez, dagoeneko “leku oso dinamikoak dira, eta aniztasuna eta berrikuntzarako ahalmen handia dituzte ezaugarri”.
 
Ponentzia eta lan saio guztietako eztabaidetan gai nagusietakoa izan da hiri ereduaren ikuskera; batez ere, hiria osatzen duten erakunde eta eragile guztiekin adostutako estrategien garapena ahalbidetu duen eta ahalbidetzen jarraitu behar duen eredua izan dute mintzagai, hazkunde etengabea eta iraunkorra ahalbidetzen duena bai esparru ekonomikoan bai gizarte esparruan.
 
Periferiako hiriak aukera aproposa izan daitezen, “bizitzeko leku benetan egoki eta erakargarri” bihur daitezen lortzeko, beharrezkoa da, batetik, herritartasun osoaren ideia garatzea, eta horrek berekin dakar eskubide eta betebeharren aitorpen juridikoa guztientzat, bereziki sektore ahulenentzat; eta, bestetik, ongizatearen estatuaren eskuragarritasuna bermatzea, eta horretarako funtsezkoa da hirian bizi diren guztien gizarte eskubideak aitortzea eta eskubide horiek bermatzeko nahiko baliabide edukitzea.
 
Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat litzateke kultur jarduketen deszentralizazioa sustatu behar dela, “herriaren autoestimua areagotzeko bide gisa”, eta parte hartzeko espazioak sortu behar direla, herritarren eta elkarteen ekimenetarako ekipamendu eta gune publiko egokiez hornituak. Ahalegin hori, Pedro Castrok adierazi zuenez, “guztiz emankorra izan daiteke, soil-soilik, periferiako lurraldeetan garatzen diren politika publikoak herritarren parte-hartze demokratikoaren emaitza baldin badira eta kontuan hartzen badute hiriek sortzen duten kapital soziala”.
 
Getafeko alkatea ziur dago XXI. mendeko hiri demokratikoa aldirietatik hasita eraikiko dela, “nahiz eta horrek ez duen esan nahi hirigunearen eginkizuna hutsala denik, hortxe bizi baitira sektore sozial eta intelektual egituratuenak, metropoli-hiriaren proiektua sortzen lagun dezaketenak”.
 
Getafeko topaketan parte hartu duten FALP sareko kideek erabaki dute Afrikako Dakar hirian egingo dela Periferiako Toki Agintarien Hirugarren Foroa.