FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Toki Segurtasuneko Estatuko Batzordeak Gobernuaren eta udalen arteko koordinazio maila altua dela egiaztatu du


Toki Segurtasunaren Estatu Batzordeak -Estatuko Administrazio Orokorraren eta udal-gobernuen arteko segurtasun gaietarako elkargune eta koordinazioko organoak- Barne Ministerioaren eta FEMPen artean herritarren segurtasunerako funtsezko gaietan lankidetza eta koordinazioa areagotu direla ziurtatu zuen atzoko bileran. Gainera, lankidetza honi esker, horretara bideratutako baliabide publikoen eraginkortasun maila nabarmen igo da.


 
FEMPeko lehendakari Pedro Castrok eta Segurtasuneko Estatu idazkari Antonio Camachok zuzentzen duten Batzordeko kideek lankidetza arlo guztiak errepasatu zituzten bileran, bi aldeek emaitzak oso positiboak izaten ari direla esan zuten eta aurten zehaztuko diren jarduera berriak finkatu zituzten.

Zehazki, aurreikusi bezala, Tokiko Segurtasun Batzordeen Araudia argitaratu da. Araudi horretan, Tokiko Segurtasun Batzordeen eraketa, osaketa, eskumenak eta funtzionamendua finkatzen dira. Testuan FEMPek egindako ekarpen asko jaso dira.


Halaber, Segurtasun Indarren Legearen aldaketan FEMPek egindako oharrak jaso dira; hala, udaltzaingo zerbitzua eskaintzeko, hainbat udalerri elkartzea posible izango da.

Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan Espainiako polizia nazionalek eta udaltzainek koordinatuta lan egiten dutela ere azpimarratu zuten, udaltzaingoak polizia judizial funtzioak ere egiten dituela, eta udal-teknikari eta udaltzainen formakuntza planak nabarmendu zituzten.

Era berean, Batzordeak bide segurtasun arloan egindako ekintza bateratuak azteru zituen, baita oraindik egin gabe daudenak ere: bide segurtasunaren gaineko ekintza polizialaren plan bat jasoko duen urteroko txosten bat egitea eta, dagoen araudia garatuz, trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko ordenantza eredua egitea, udalerriek araudi propioa egiteko erreferentzia gisa erabili ahal izango dutena.

Azkenik, bi aldeek etorkizunean aipatutako arlo guztietan elkarlana areagotzeko beharra adierazi zuten.

Bileran, ondoko ordezkariak ere izan ziren: Miguel Ángel García Nieto, Ávilako alkate eta FEMPeko Segurtasun eta Hiri Bizikidetzako Batzordeko presidentea; Manuel Robles, Fuenlabradako alkate eta Batzordeko presidenteordea; María José Agudo, Guadalajarako zinegotzia; eta Isaura Leal, FEMPeko idazkari nagusia. Ministerioaren izenean, Estatu idazkariarekin batera, ondokoak izan ziren: Pere Navarro Zirkulazioko zuzendari nagusia eta Francisco Velázquez Poliziako zuzendari nagusia; Ángeles González, Ministerioko idazkari tekniko orokorra eta Estatu Idazkaritza, Polizia eta Guardia Zibileko beste kide batzuk.