FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek eraginkortasun irizpideak defendatzen ditu garapen bidean dauden herrialdeei ematen dizkieten tokiko laguntzetan


FEMPeko lehendakari Pedro Castroren ustez, ez da gogogabetzeko unea, Espainiak ematen duen garapenerako laguntza politika sendotzeko garaia da eta, horretarako, jadanik hasitako bideak finkatu behar dira, hala nola MUNICIPIA programa. Gure herrialdea munduan erreferentzia da gai honetan, Getafeko alkateak esan zuenez, eta, horregatik, bera buru den Federazioak lehentasunezkotzat jotzen du oraindik ere.


 
Pedro Castrok Donostian izandako III. MUNICIPIA topaketaren inaugurazio ekitaldian egin zituen adierazpen horiek. Ekitaldi horretan, Castrorekin batera, Patxi López lehendakariak, Nazioarteko Lankidetzarako Estatu idazkari Soraya Rodríguezek eta Donostiako alkate Odón Elorzak hartu dute parte. Agintari horiekin batera, Elkartasunerako Udal Fondoen Konfederazioko presidente Teodoro Romero ere izan da bertan.
 
Lau urteko jardueraren ostean, MUNICIPIA programak, topaketa honen bidez, beste bultzada bat eman nahi die, administrazio zentralaren laguntza alde dutela, udalek garapenean daukaten rolari buruzko gogoeta eta eztabaida gune sortu nahi duten tokiko gobernuen ekimen bateratuari. Helburu honekin batera, antolatzaileek CONFOCOSek (Andaluziako Garapen eta Elkartasun Funtsen Konfederazioa) eta Nazioarteko Lankidetzarako Estatu Idazkaritzak egin duten udal-lankidetza zuzenari buruzko ebaluazio baten emaitzen berri emango dute. Horrez gain, programaren beraren emaitzak eta esperientziak azalduko dituzte.
 
FEMPeko lehendakariak, MUNUCIPIAz ari zela, esan du garapen bidean dauden herrialdeetan udal-esparrua indartzeko bideratzen den laguntzaren eraginkortasunaren aldeko apustu irmoa dela, eta, gaineratu duenez, gaur egungo abagunean dauzkagun zailtasunekin, «topaketa hau udal-gobernuek pobrezia erauzteko borrokan duten konpromisoa berresteko eta garapen iraunkorra sustatzeko aukera bikaina da».
 
Pedro Castrok azaldu du gaur egun konpromiso hau politika publikoaren bidez gauzatzen dela eta udalek eta diputazioek beren ezagupen eta baliabide onenak politika honen zerbitzura jartzen dituztela. «Gure udalerrietan elkartasuna lehentasuna da», azaldu du. Adierazi duenez, garapenerako udal-lankidetzaren sendotasuna agerian uzten dute ondoko datu hauek: 2009an, Espainiako udal-gobernuek 147 milioi euroko laguntza ofiziala bideratu zuten garapenera eta milatik gora udalek eman zuten nazioarterako laguntza. Latinoamerikak jaso zuen laguntza handiena: 58 milioitik gora.
 
Getafeko alkateak gehitu du aurreko hamarkadetan udalak «ilusioz» hasi zirela Hegoaldeko hiri eta herriei laguntzeko beharraz jabetzen, eta laguntza horietan oinarri eraginkorrak aplikatzeko beharrezkoa den administrazioen arteko koordinazioa oraintsu amaitu den hamarkadan finkatzen hasi zela. «Eraginkortasunaren diskurtsoak ondo garamatza Hegoaldeko gure kideek definitu, lideratu, eta emaitza neurgarriak lortzera zuzendutako lankidetza eredu bat errealitate bihurtzeko tresna berriak sortzera», gaineratu du.
 
«Emaitzek merezi dutelako», eragile bakoitzaren ezagutza eta eskarmentua indartu behar dira eta lankidetza eraginkorragora iristeko pausoak emateko ahaleginak batu. «Eta MUNICIPIA programak planteamendu honi erantzuten dio», ziurtatu du FEMPeko presidenteak.