FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Hamazortzi udal eta bi diputazio saritu dituzte bioaniztasuna zaintzeko proiektuengatik


Espainiako hamazortzi udalek eta bi probintziatako diputazioek saria jaso dute FEMPen egoitzan, beren inguruan bioaniztasuna zaintzeko eta ugaritzeko egindako lanarengatik. Horien artean lehenak, sarien zenbatekoari dagokionez, Matarók, Zaragozak, Campo de Casok (Asturias) eta Santanderrek eskuratu dituzte.


 
 
 
Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruetako ministro Rosa Aguilar izan da Bioaniztasuna Ugaritzeko Proiektuen III. Lehiaketako sari-banaketa ekitaldian. Bertan izan dira, halaber, Pedro Castro, FEMPeko presidentea, eta María Antonia Pérez León, Guadalajarako Diputazioko eta Biodibertsitaterako Tokiko Gobernuen Sareko presidentea.
 
 
Lehiaketa FEMPek eta Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruetako Ministerioak sustatu dute. Helburua Iraunkortasunerako Tokiko Gobernuen Sareko kide diren toki-erakundeen ekimenak sustatzea da, zehazkiago, iraunkortasuna ugaritzen eta babesten dutenak, eta, era berean, udalerrietan ingurumen kontzientzia eta hezkuntza bultzatzen dutenak.
 
 
Proiektu irabazleetarako, orotara, milioi bat euro bideratu dituzte, eta sarien zenbatekoarekin aukeratutako proiektuak erabat finantzatuko dituzte.
 
Sarituak
 
Mataróko Udala izan da lehen kategoriako garaile. Udalerriko baso-parkean bioaniztasuna ugaritzeko proiektuarengatik 150.000 euroko saria eskuratu du.
 
Bigarren kategorian, Naumann belatzak habia egiteko habitata hobetzeko proiektua saritu diote Zaragozako Udalari, eta 100.000 euro irabaziko ditu proiektuak.
 
Hirugarren kategorian, berriz, Caso (Asturias) eta Santander izan dira txapeldunak. Lehendabizikoak Las Majadas izeneko gunea leheneratzeko eta mantentzeko proiektua aurkeztu zuen, eta, hari esker, udalerriaren jasangarritasunari eusten dio. Santanderko Udalak, berriz, ingurumena leheneratzeko eta hondatutako kosta-inguru batean artadi bat sortzeko proiektua aurkeztu zuen. Proiektu bakoitzak 75.000 euro eskuratuko ditu.
 
Hauek dira saritu dituzten gainerako proiektuak:
 
Laugarren kategorian honako proiektu hauek saritu dituzte. Bakoitzari 50.000 euro emango dizkiote:
·         Jaéngo Diputazioa, probintziako hiri-erriberak basotzeko proiektuarekin.
·         Astilleroko Udala (Kantabria), udalerriko espazio naturalen sarean bioaniztasuna ugaritzeko proiektuagatik.
·         Calamochan (Teruel) Jiloca ibai ertzean bioaniztasuna ugaritzeko programa ari dira garatzen (Calamocha parean).
·         Fuenlabradako Udala (Madril), hegazti intsektu-jaleak sartzeagatik herriko bi parketan (Olivar eta Parque del Pinar).
·         Leóngo Udala, natura-eskolan bioaniztasun-ibilbideak prestatzeagatik.
·         El Real Sitio de San Ildefonso (Segovia), bertako landareak hazteko bi bizitegi ikastetxeetan instalatzeko proiektuagatik.
 
Beste hainbat toki-erakunde ere saritu dituzte, accesit moduan, 45.000 eurorekin:
·         Azuqueca de Henares (Guadalajara), uharte bat sortu baitute udal-erreserba ornitologikoan, espezie zangaluzeen bioaniztasuna ugaritzeko.
·         Donostia, Cristina Enea parkeko bioaniztasuna ugaritzeko egindako lanarengatik.
·         Lagunilla (Salamanca), bioaniztasunari eusteko eta gaztainondodun paisaia-unitateak mantentzeko hainbat ekintza abian ipintzeagatik.
·         Murtziako Udala, udal-orubeak mantentzeko egindako lanagatik, hegaztiak babesteko eremu berezi batean.
 
Bosgarren kategorian, lau udalek 25.000 mila euroko saria eskuratuko dute:
·         Bullas (Murtzia), landa-turismoa eta eremu babestuetako baterako kudeaketa sustatzeagatik, putrea berriro sartuta eta udalerriko mendietan arbutus unedo espezieak berreskuratzeagatik.  
·         Enguídanos (Cuenca), iturriak eta iturburuak sustatzeagatik, bioaniztasunaren babes-eremu gisa.
·         Granollers (Bartzelona),  Congost ibaia naturalizatzeko eta ibaian habitatak sortzeko proiektuagatik.
·         Torrejón del Rey (Guadalajara), «Conservar para educar» (hezteko zaindu) izeneko proiektuagatik.
 
Azkenik, seigarren kategorian, Guadalajarako Diputazioa eta Miajadasko Udala (Caceres) saritu dituzte 10.000 eurorekin. Lehenengoa, bioaniztasuna eskola-umeengana gerturatzeagatik eta, bigarrena, mantenu apaleko lorategiak diseinatzeko espezie xerofilo eta gramineoak landatzeagatik.
 
Sariak banatu ostean, saritutako erakunde bakoitzak hitzarmen indibidualak sinatu zituen FEMPeko idazkari nagusi Isaura Leal bertan zela.