FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Segurtasun Indar eta Kidegoek saria jaso dute Etxeko indarkeriaren eta Genero-indarkeriaren Behatokiaren eskutik


Etxeko indarkeriaren eta Genero-indarkeriaren Behatokiak (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren baitan dagoenak) saria eman die Espainiako Segurtasun-indar eta kidego guztiei (Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Ertzaintza, Mossos d’Esquadra, Nafarroako Foru Polizia eta tokian tokiko poliziak), genero-indarkeriari erantzuteko egiten ari diren lana dela-eta.


Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak (FEMP) hala proposatuta, Behatokiak erabaki du saria José Francisco Cano de La Vegak jasoko duela, Espainiako Udaltzaingoen ordezkari gisa. Izan ere, Fuenlabradako udaltzainburua da, eta Udaltzaingoen buru eta Zuzendarien Espainiako Batasunaren(Unijepol) presidentea; alegia, genero-indarkeriari erantzuteko konpromiso sendoa duen udaltzaingoaren buru, batetik, eta Udaltzaingoen elkarteko buru, bestetik.

Sari-banaketa ekitaldia Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ekitaldi-aretoan egin zen, eta han izan ziren Justizia, Berdintasun eta Barne ministroak, bai eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidentea, Etxeko indarkeriaren eta Genero-indarkeriaren Behatokiaren presidentea (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren baitakoa da behatokia), Abokatutzako idazkari nagusia, Segurtasunerako estatu-idazkaria, eta Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusia ere, beste agintari batzuen artean.
Bere hitzaldian, saria jaso izana eskertu zuen Canok Udaltzaingo guztien izenean, eta bereziki aipatu zituen genero-indarkeriari erantzuteko bidea urratu zutenak, esaterako, Salamancako eta Madrileko Udaltzaingoak; polizia-jardunari buruzko lehendabiziko protokoloak egin eta biktimen babes prebentiborako lehendabiziko dispositiboak abian jarri zituztenak, San Fernando de Henares, Fuenlabrada eta Gasteizko Udaltzaingoak; eta urteetan genero-indarkeriaren kasuei eraginkortasunez erantzuteko lan goresgarria egiten ari diren hainbat eta hainbat udaltzaingo, herri txiki zein handietakoak; horien artean, Algete, Alcobendas, Alcorcón, Denia, Elx, Granada, Gijón, Logroño, Sevilla, Granada, Rivas Vaciamadrid, Valentzia eta Villanueva del Pardillokoak