FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek Enplegu Publikoaren Behatokian parte hartuko du


Tokiko gobernuek, FEMPen bidez, azken Ministro Kontseiluan eratutako Enplegu Publikoaren Behatokian parte hartuko dute. Organo hori giza baliabideen planifikazio estrategikorako tresna da; herri-administrazioetako enpleguak egun duen egoerari buruzko informazioa bildu, aztertu eta zabalduko du, eta eredu landuak diseinatuko ditu, enplegu publikoa etorkizuneko beharrei behar bezala erantzuteko moduan egon dadin



Behatokiak dituen zereginen artean, honako hauek nabarmentzen dira: giza baliabideen arloko diagnostikoak egitea eta zerbitzu eta enplegu publikoen kalitatearen jarraipena egitea. Zehazki, herri-administrazioetako enplegu publikoari buruzko proposamenak eta gomendioak aztertu eta formulatzeaz arduratuko da, eta administrazioen artean gai horri buruz eztabaidatu eta ideiak trukatzeko foroa izango da.
Horrela, behatokiak bide emango du diagnostiko sakona egiteko herri-administrazioetako enpleguaren egoerari buruz eta administrazioetan diharduen giza kapitalaren albait errendimendurik handiena nola lor daitekeen zehazteko, betiere, herritarren interesei erantzuteko.
Enplegu Publikoaren Behatokia ministerio arteko organoa da, kide anitzekoa. Presidentzia Ministerioari atxikita dago, Funtzio Publikorako Estatu Idazkaritzaren bitartez. Bestalde, osoko batzarrean Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia erkidegoetako, Ceuta eta Melilla hirietako eta tokiko gobernuetako ordezkariak bilduko dira. Azken horien ordezkari gisa Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioa arituko da.Halaber, Herri Administrazioetako Negoziazio Mahai Orokorrean parte hartzen duten sindikatuetako ordezkariak ere izango dira.
Behatokiaren osaerak eta funtzionamenduak lan-taldeak sortzeko bidea ere emango du, organoa operatiboagoa izan dadin lortzeko.
Mota horretako behatokia sortzeko eskaera bolo-bolo ibili da azken urteetan. Azkenean, Gobernuak eta sindikatuek 2010-2012 aldirako gizarte-elkarrizketaren esparruan 2009ko irailaren 25ean sinatu zuten akordioan jaso zen eskaera hori. Hizpide dugun organoa sortuz, bada, hartutako konpromisoa gauzatu da.

20/09/2010

>Ir a la audioteca_eu