FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Udalerri txikiek autonomia-erkidegoei eskatu diete landa-eremuen garapen jasangarrirako dirua gordetzeko aurrekontuetan


Espainiako udalerri txikiek autonomia-erkidegoei 2011ko aurrekontuetan Landa Garapen Iraunkorreko Programa exekutatzeko dirua gordetzeko eskatu diete, estatuak erkidego bakoitzean horretarako inbertitzen duen bezain bestean. Horra hor Udalerri Txikien I Biltzarrak eman dituen ondorio nagusietako bat. Joan den asteburuan izan da, Toledon.


  
Udalerri txikienetako ordezkariek garbi dute zer egin behar den beraien lurraldeetan gauzatzen diren ekintza publikoen eragimena handiagoa izatea nahi badugu: landa-ingurunearen Garapen Iraunkorrerako Legea zuzen aplikatzea
 
Diputazio eta uharteetako kabildo eta kontseiluei buruz ere mintzatu dira, eta adierazi dute probintzia estatuko administrazioaren eta autonomia-erkidegoen tartean dagoela eta, horregatik, uste dutela “subsidiaritate-printzipioaren” benetako bermatzailea dela, eta, hortaz, tokian tokiko erakundea dela, eta ez “autonomia erkidegoaren tresna bat”.
 
Udalerri txikietako alkateek badute beste kezkarik ere, esate baterako beren herrietan gizarte-politikak eta enplegu-politikak bermatzea, eta horregatik, partzuergoen alde egiten dute, uste baitute beren herriak askotarikoak eta bereziak direla, eta elkartze-eredu hori ondo datorkiela, hartara, herritarrei zerbitzu gehiago eta hobeak eskaini ahal izateko, ahalik eta kalitate eta errentagarritasunik handienekoak.
 
Berdintasun-kontuetan, berriz, orain ere ba omen da, gizartez eta ekonomiaz, hainbat oztopo gizon-emakumeek udalerri txikietako politikan, ekonomian eta gizartean orekan parte hartzeko, eta, Toledoko ondorioen artean, oztopo horiek ezabatzeko helburua hartu dute.
 
Alderdi politikoen mahaia.
 
Amaiera aurretik, biltzarreko eztabaida-mahaia bildu zen. Bertan, alderdi politikoetako ordezkariek hainbat gai aipatu zuten, besteak beste, alderdien arteko zatiketak gainditu beharra, gizarteak eskatzen dituen helburuei erantzun ahal izateko; herri eta hiri arteko betidaniko etena gainditu beharra; udaletako ordezkari politikoen independentzia, herritarren interesak defendatu ahal izateko; edo herri txikietan gizarte-zerbitzuen aldetik dagoen eskasia.
 
Hauek izan ziren mahaikide: Villanueva de Tapiako alkatea, Encarnación Pérez, IUren izenean; Joaquín Peribañez, Calamochako alkatea eta PARek FEMPeko exekutiban duen bozeramailea; Luis Partida, Villanueva de la Cañadako alkatea eta PPk FEMPen duen bozeramaile erantsia; eta Hugo Morán, PSOEko exekutiba-kidea eta ingurumeneko eta landa-garapeneko arduraduna.
 
Joaquin Peribáñezek eskatu zuen administrazioek lagun dezatela herri txikietan azpiegiturak garatzen, eta, aldi berean, alderdi politikoak konturatu daitezela gizarteko arazoak kudeatzeko daudela, eta, horretarako, batzuetan, koordinaturik jardun beharra daukatela, diferentzia ideologikoak alde batera utzita.
 
Encarnación Pérez IUko ordezkariak esan zuen momentu honetan tokiko gobernuen autonomia ez dela errespetatzen, ez daukatelako nahikoa finantzaziorik.Ez zen hori izan azpimarratu zuen gauza bakarra: udalerri txikienetan gizarte-zerbitzuak eskasegiak omen dira, eta emakumeek lanean hasteko eta kargu publikoetara iristeko arazoak omen daude, eta, horregatik, gehienetan, landa-eremuan berdintasun-politikak bideraezinak gertatzen omen dira.
 
Luis Partidak esan zuen udalak alderdi politikoen “mende” daudela, gehiegi, eta horregatik, batzuetan, “indarra egiteko talde modura erabiltzen gaituztela”. Gobernuari eskatu zion toki-gobernuko lege berriari “hautsa kentzeko”, eta udalei haren alde egiteko, baina “finantzaketa berri bat lagun duela”, “hurrengo egunean bertan udalek zuzen-zuzen jakin dezaten zein baliabide duten”.“Zer egin behar dugun, nola eta zein baliabideren bidez jakin beharra daukagu”, hala esan zuen, eta udalerriek eskumen gehiago behar dutela ere erantsi zuen, “ez aginte handiagoa izateko, baizik eta gauzak hobeto egiteko”.
 
PSOEko ordezkariak aitortu zuen herri txikiek urteak daramatela eskatu eta eskatu “baina alferrik”, eta herri txikietako udalerrietako alkateei dei egin zien, “matxinada zibikoa” deitu zuena egin dezaten.Hugo Moránek, Garapen Jasangarrirako Planaren aplikazioa dela-eta, alkate-zinegotziak izan zituen gogoan, eta esan zien aurrea hartzeko, herritarrekin ados jarrita, eta legez zehazturik dauden lurraldeetako bakoitzean –eskualde-planetan- zer egin behar den adierazteko.“Ezin duzue autonomia-erkidegoak noiz deituko zain egon”, hala esan zien.Moránek esan zuen helburua hiri eta herri arteko eten historikoa gainditzea dela, eta, horretarako, Garapen Jasangarrirako Legea dela baliabide egokia, baina, jakina, “erabili egin behar”.
 

14/09/2010

> Ir a la videoteca_x