FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMP federazioaren Klimaren Sareak auto elektrikoaren aldeko apustua egin du klima-aldaketaren kontra borrokatzeko


Vigoko alkate eta Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sareko presidente Abel Caballeroren aburuz, auto elektrikoa ezartzea Espainiako hirietan klima aldaketaren kontra borrokatzeko «urrats itzela» izan daiteke, oso lagungarria izan daitekeelako hirietan sortzen diren mugikortasun-arazoak konpontzeko eta berotegi efektuko gas-isurketak murrizteko. Zuzentzen duen sarearen VI. Biltzarra inauguratzeko ekitaldian egin ditu Caballerok adierazpen horiek, Vigon.


 

Abel Caballerok «une historikotzat» jo du auto elektrikoaren agerpena, eta adierazi behin betiko eta eraginkortasunez erabili nahi bada, ezinbestekoa izango dela haren garapenean parte hartzen duten administrazio eta eragile pribatu guztiak lankidetzan aritzea.  Caballerok auto elektrikoaren aldeko apustua egitera bultzatu ditu Espainiako udal guztiak, beste aukera batzuk «ez direlako ongi funtzionatzen ari»; hala nola, herritarrek ibilgailu pribatua etxean uzteko ekimena. 

 

Halaber, egungo egoera ekonomikoa zaila bada ere, udalek klima-aldaketaren kontra borrokatzeko neurrietan «jarrera irmoari» eutsi behar diotela adierazi du, «krisia ezin daitekeelako argudio gisa erabili». Horregatik, lehentasun horrek lehentasun izaten jarrai dezan ahal duten guztia egiteko eskatu die udal-arduradunei.  Bestalde, zuzentzen duen sarea Gobernu zentralarekin lankidetzan aritzearen adibide dela gogorarazi du («alde guztietan aipatzen dute»), eta lankidetza-eredu hori autonomia erkidegoetara ere luzatu beharko litzatekeela. 

 

Klima Aldaketarako Estatuko idazkari Teresa Riberak adierazi du, BPG ez ezik, beste adierazle batzuk ere kontuan hartu behar direla, hala nola energiaren kontsumoa eta berotegi efektuko gasen isurpena, airearen kalitatea eta osasuna, biodibertsitatea, hondakinak edo uraren kalitatea.  Horiek guztiek udalek egiten dutenarekin zerikusi handia dutela gaineratu du. Teresa Riberak administrazio guztien esfortzuak batua eta irtenbide zehatzak eskaini beharra nabarmendu du; auto elektrikoarena bezalakoak, hain zuzen ere.

Gutirizeko alkate eta Iraunkortasunerako Galiziako Udalen Sareko presidente Regina Polinek adierazi du «arazo gehiegi» isurtzen direla atmosferara eta herritarrek «sobera» erabiltzen dutela autoa. Ekologikoagoak diren beste garraio batzuk erabiltzeari utzi egin diogula gaineratu du, trenari adibidez. Garraiobide horri dagokionez, Galizian gehiago erabili behar dela eta zerbitzu hobeak eskaini behar dituela esan du.

Bestalde, Rivas-Vaciamadrideko alkate eta Sareko presidenteorde José Masak adierazi du funtsezkoa dela udalek «herritarrengana heltzen diren eta iraunkortasuna esparru hurbilenera txertatzeko aukera ematen duten politikak bultzatzea».
Haren ustez, krisi ekonomikoaren eta udalerrietan egun nagusi den egoera latzaren ondorioz, zailagoa bihurtu da beste administrazio-instantzia batzuek diru-laguntzen bidez bultzatu beharko luketena eskaintzea.  Hala ere, FEMP sareari esker herritarrak arazo horretaz konturatzen ari direla azpimarratu du.
 
 

Sarearen biltzarraren barruan ibilgailu elektrikoaren inguruan izandako jardunaldietan, Ingurumen, Landagune eta Itsas Ingurune Ministerioko, eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko ordezkari eta adituek, ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileek, sistema elektrikoaren operadoreek eta Espainiako zenbait udaletako politikari eta teknikariek hartu dute parte, Espainiako udalerriek arlo horretan abian jarritako politikak aztertzeko eta ebaluatzeko helburuarekin.

Biltzar horretan bertan, Klimaren Aldeko Tokiko Jardunbide Egokien III. Sariketako sariak ere banatu dituzte. Sari horiek Espainiako tokiko gobernuek azken urteotan klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta horietara egokitzeko egindako jardunbide egokiak biltzea eta aintzatestea dute xede.

Vigon egin du sareak biltzarretan seigarrena, Abel Caballero presidentea alkate den hirian, alegia. Aurretik, Santanderren (ekainean), Rivas-Vaciamadriden (2009), Donostian (2008) eta Gijónen (2006) izan dira biltzarrak.

Bost urteko ibilbidea

Klimaren Aldeko Hirien Espainiako Sarea 2005eko ekainean sortu zuten, FEMP federazioaren barruan, udalerrietan berotegi efektuko gasen isurpenak murrizteko helburu nagusiarekin. Sare horren osaera finkatzeko, lankidetza esparru bat sinatu zuten urte horretan bertan Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioarekin, hirien iraunkortasunarekin lotutako jarduerak Gobernuarekin batera egiteko orduan lan-eta koordinazio-tresna moduan jardun zezan.  Geroztik, etengabe hazten joan da, eta gaur egun tokiko 300 erakunde ditu kide; hots, guztira ia 28 milioi biztanle.

Bost urte hauetan, lan handia egin du atxikitako udalak koordinatzen eta laguntza teknikoa ematen, eta zenbait ekimen abian jartzeko tresnak ere eman dizkie, hala nola isuriak murrizteko, eraginkortasun energetikoa hobetzeko, gutxiago kutsatzen duen garraioa sustatzeko edota hondakinak kudeatzeko.

Sareak prestatu dituen dokumentuen eta lanen artean, honako hauek dira nagusiak: Udal hondakinak kudeatzeko eta bideak garbitzeko gida, Klima Aldaketarako Tokiko Estrategia, Klima aldaketaren kontra borrokatzeko politikei buruzko lehen eta bigarren txostenak, eta Udal instalazioetan eta zerbitzuetan energia eta ura kudeatzeko tresna.

Herritarrei zuzendutako materialak ere paratu ditu, horietaz baliatuz udalek klima aldaketaren kontrako borrokaren arloan kontzientziatzeko kanpainak egin ditzaten. Material horien artean, aipatzeko modukoak dira Somos capaces ikus-entzunezko dokumentala eta sarea aurkezteko Podemos conseguirlo bideoa.

Udalek, bestalde, hainbat ordenantza eta plan onartu dituzte sarearen helburuak betetzeko eta udalerrietan iraunkortasuna lortzeko. Energia aurrezteari eta eraginkortasunez erabiltzeari dagokionez, eguzki-energia sustatzeko ordenantzak, argiteria publiko eraginkorrari buruzko ordenantzak eta udal-eraikinetan eta instalazioetan energiaren eraginkortasuna optimizatzeko planak onartu dituzte. Halaber, ingurumena babesteari lotutako hobariak sartu dituzte ordenantza fiskaletan, energiaren kontsumoarekin zerikusia duten kasuetan bereziki. Azkenik, energiari buruzko tokiko agentziak edo bulegoak sortu dituzte.

Udalek mugikortasun iraunkorraren esparruan egin duten lanari dagokionez, honako alderdi hauek dira aipagarrien: garraio publiko kolektiboa sustatzea, bidegorriak eraikitzea, garraio publikoaren eta udal ibilgailuen ingurumen eragina murriztea, eta lekualdaketak oinez egitera bultzatzea.