FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Berreskuratze ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko Errege Dekretua argitaratu da; neurri interesgarriak jasotzen ditu Tokiko Gobernuentzat


Apirilaren 13ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da berreskuratze ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko neurriak ezarri dituen Errege Dekretua. Gobernuak onartu zuen Ministroen Kontseiluaren azken bileran, eta Tokiko Gobernuen kudeaketari eragiten dioten zenbait neurri interesgarri jasotzen ditu.


Etxebizitzen berritzea bultzatzea
 
Errege Dekretuan eraikuntzaren sektoreko jarduera berreskuratzera zuzendutako erreformen multzoa jaso da. Erreforma horien bidez, batez ere, bultzada fiskala emango zaie etxebizitzak berritzeko proiektuei. Orobat, eraginkortasunari eta energiaren aurrezteari lagunduko zaio, eta enplegua eta jarduera hazi egingo dira krisiak gehien kaltetutako sektoreetako batean.
 
Kapitulu horren barruan xedatu da 2012ko abenduaren 31ra arte ohiko etxebizitzan egiten diren berritze-lanak direla-eta, aldi bateko kendura aplikatuko dela PFEZean, betiere, lan horiek energia-eraginkortasuna hobetzera, horniketa-instalazioak ordeztera edo, besteak beste, irisgarritasuna errazten duten azpiegiturak sortzera bideratuta badaude. 33.007 eurotik beherako zerga-oinarria duten zergadunek inbertitutako diru-kopuruaren % 10 kendu ahalko dute, eta urtean, gehienez, lau mila euro. Zenbatekoa, modu progresiboan murriztuko da, 53.007,20 euroko zerga-oinarrira arte. Araua indarrean dagoen bitartean, gehienez, 12.000 euro kendu ahalko dira etxebizitza bakoitzeko.
 
Bestalde, BEZaren tasa murriztua aplikatuko zaie 2012ko abenduaren 31ra arte egiten diren mota guztietako berritze- eta konpontze-lanei. Halaber, egiturazko birgaitzearen kontzeptua zabaldu egin da bai BEZan bai Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorrean, egiturazko obrei lotutako lanak eta antzekoak definituz. Horren bidez, bada, jarduera horretako zerga-kostuak murriztu ahal izango dira.
 
Lurzoruaren Legea
 
Lurzoruaren Legeari dagokionez, besteak beste, xedatu da merkatuko prezioei lotutako koefiziente zuzentzailea aplikatuko dela nekazaritza-lurraren balioztapenean, aurreko legedian urbanizagarri gisa definitutako lurren balioztapenari buruz jasotakoa 2011. urtearen amaiera arte aplikatzeko aukera emateko.
 
Herritarrak babestea
Ekimenak gizarteko talde babesgabeenei eta krisiak gehien kaltetutakoenei lagundu nahi die. Helburu horretan aurrera egin ahal izateko, bada, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako enbargaezintasun-atalasea areagotu egin da, hipotekatutako ohiko etxebizitza saltzeagatik lortutako diru-kopurua bermatutako kreditua estaltzeko nahikoa ez den kasuetan. Atalasea, hain zuzen, % 10 areagotu da lanbide arteko gutxieneko soldatan ezarritako egungo atalasearen aldean. Modu osagarrian, % 20 areagotuko da ohiko diru-sarrera propiorik, soldatarik edo pentsiorik ez duen familia-nukleoaren kide bakoitzeko.
 
BEZaren tasa oso murriztua
Bestalde, BEZaren tasa oso murriztua, % 4koa, ezarri zaie Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema Publikoaren barruan eta zentroetan edo egoitzetan itundutako plazen bidez edo lehiaketa administratiboetatik datozen prezioen bidez mendekotasunari arreta eskaintzeko zerbitzuak ematen dituzten enpresei, telelaguntzari, etxez etxeko laguntzari, eguneko eta gaueko zentroei eta egoitzetako arretari lotutako zerbitzuak barne.
 

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)