FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Klimaren Aldeko Hirien VI. Biltzarrak bukatu ditu lanak


Klimaren Aldeko Espainiako Hirien Sareak Vigon egin berri duen VI. Biltzarrean garbi ikusi ahal izan da sarea osatzen duten tokiko gobernuek mugikortasun elektrikoa bultzatzeko eta isuri kutsatzaileak murrizteko asmo irmoa daukatela.


 
Vigoko alkate eta FEMP sareko presidente Abel Caballerok balantze positiboa egin du bi eguneko iraupena izan duen biltzarraren gainean. Espainiako ehun udalerri baino gehiagotako ordezkariek hartu dute bertan parte, ibilgailu elektrikoa ezartzeko aukerari buruz hainbat erakundetako adituekin hitz egiteko (Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa, Industria Ministerioa, IDAE eta Espainiako Elektrizitate Sarea). Gijón, Málaga, Sevilla, Bartzelona eta Vigoko udaletako ordezkariek gai horretan izan duten esperientziaren nondik norakoak aurkeztu zituzten.

Vigoko alkateak adierazi zuen begi-bistakoa zela udal-ordezkariek ibilgailu iraunkorren erabilera bultzatzearren erraztasunak emateko daukaten asmoa; hala erraztasun fiskalak nola azpiegitura arlokoak (aparkatzeko eta birkargatzeko). Horrez gain, azaldu zuen hiriguneetan konponketa txikiak egiteko orduan auto elektriko industrialak erabiltzeari lehentasuna emateko xedea dutela udalerriek.
 
Halaber, auto elektrikoen karga banatzen eta kudeatzen duten enpresak sortzeko ahalik eta erraztasun gehien ematearen alde agertu zen Abel Caballero, eta aparkaleku publikoei zein pribatuei kargatzeko baldintza guztiak betearaztearen alde.

FEMP sareko presidenteak nabarmendu zuen bere hirian egindako biltzar hori «urrats itzela» zela udalerrietan auto elektrikoa ezartzeari begira. Bestalde, Caballerok aurreratu zuen Vigoko Udalak aktiboki hartuko duela parte ibilgailu horren erabilera arautuko duen udal-ordenantza pilotua prestatzen, IDAE erakundearekin eta FEMP sarearekin batera. 
Udal-esperientziak
 
Bartzelona, Vigo, Sevilla, Málaga eta Gijóngo udalerrietan auto elektrikoa garatzen eta ezartzen izandako esperientziak izan zituzten mintzagai Vigon egindako jardunaldien bigarren eta azken egunean.
 
Besteak beste, Inma Mayol Beltrán, Bartzelonako Udaleko Ingurumen Saileko alkateordea, eta Carlos López Font, Vigoko Udal Kudeaketako zinegotzia, aritu ziren hizlari, hiri bi horietan ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzeko abian jarritako ekintzen inguruan. Gerora egindako mahai-inguruan, Sevilla, Málaga eta Gijóngo udaletako ordezkariek hartu zuten parte, hirurak ere aitzindari baitira, hurrenez hurren, Movele, SmartCity eta Living Car Gijón proiektuetan.

Jardunaldietara bertaratu zirenek, udalen esperientziak ez ezik, ibilgailu elektrikoen inguruko hainbat xehetasun ezagutzeko aukera ere izan zuten Ingurumen eta Industria ministerioetako, Espainiako Sare Elektrikoko eta IDAE erakundeko ordezkarien azalpenei esker; hala nola, berotegi efektuko gasen isurketan zer eragin daukaten, Ibilgailu Elektrikoaren Estrategia Osoaren xedapenak, «sare adimendunak» zer diren eta auto elektrikoen erabilera sustatzeko hartutako neurriak zein diren. Eraikitzaileen bozeramaile gisa, Peugeot Citroën PSAko Vigoko zentroko zuzendaria mintzatu zen.
 

17/11/2010

>Ir a la audioteca_eu