FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Gurasotasun positiboaren aldeko tokiko politikak


Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioaren (FEMP) eta Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioaren nahia da udalek familiei laguntzeko politikak aplikatu ditzatela, gurasotasun positiboaren printzipioan oinarrituta. Hala, lan hori errazte aldera, agiri bat egin dute, zeinean gogoeta egiten den gurasoek gaurko gizartean dituzten erantzukizunez; halaber, hartu ditzaketen neurrien ezaugarriak azaltzen dira eta tokiko eremuan aplikatzekoak diren zerbitzuei eta programei buruzko orientazioa ematen da.


 
 
 
Dokumentua Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioak eta FEMPek sinatutako lankidetzako esparru-hitzarmenaren fruitua da, eta familiari laguntzeko tokiko politikak sustatzeko jardueraren barruan sartzen da.
 
Dokumentuaren aurkezpenean, Carlos Mato eta Isaura Legal artitu dira –Gizarte, Familien eta Haurren Politikaren zuzendari orokorra eta FEMPeko idazkari nagusia, hurrenez hurren–, Pilar Varelarekin batera –Gizarte Ongizateko Batzordeko presidenteordea eta Avileseko alkatea–.
 
Azterlanak berrikusten du familiak heziketa- eta gizarteratze-kontuetan betetzen duen eginkizuna, eta eginkizun hori kapital soziala sortzeko eta gizartea garatzen laguntzeko duen ahalmenarekin erlazionatzen du.Horrez gain, zenbait emaitza eta ondorio jasotzen ditu gurasoek beraiek euren guraso-eginkizuna gauzatzeko antzematen dituzten heziketaren gaineko aholku-beharrei buruz.
 
Erronkak eta gomendioak
 
Dokumentuan egiaztatzen denez, familia sasoian dago gizarte-erakunde gisa, baina, aldi berean, beharrezkoa da batera ahalegintzea, betetzen duen eginkizunean garapen-aukerak izan ditzan.  Aurreneko erronka familiekin egiten den lanaren ikuspuntu proaktiboa garatzea izango litzateke. Horretarako, zerbitzuen, programen eta baliabideen sareak hobetu beharra dago.Bigarrenik, zerbitzu eta programa horiei erantzuten dieten teknikarien egonkortasuna bermatu behar da, eta, gainera, diziplina anitzeko prestakuntza eman, eta lankidetzan eta sarean lan egitea bultzatu.
 
 
 
Azkenik, proposatzen du familiari laguntzeko zerbitzuetan kalitatearen eta praktika onen sistemak bultzatzea era planifikatuan.Familia-politikek, lanaren egileen arabera, ikerkuntzarekin eta praktika profesional onekin lotu behar dira, ardatz hirukoitza bultzatuz: ikerketa, berrikuntza eta garapenekoa.
 
Gurasotasun positiboaren aldeko tokiko politikoen barruko erabakien artean egongo litzateke, besteak beste, familia‑bitartekotzako zerbitzuak sustatzea, eta emakume, adingabe eta familiari aholku edo esku-hartzea eskaintzen dieten topaguneak edo zentro espezializatuak.  Halaber, horren barruan sartuko lirateke eguneko zerbitzuak eta zentroak, aisialdia eta olgetakoak, ludotekak, zibergelak edo etxeko laguntza-zerbitzuak.
 
Gainera, ondorengo hauek ere gomendatzen dira aipatu dokumentuan: familiaren aisia partekatuarekin lotutako programak edo jarduerak, belaunaldien arteko harremanak, senide mendekoak gizarteratzea, familiarentzako bizimodu osasungarriak sustatzea, eta, jakina, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarriak egitea.
 
Erantzuna, gertukoa eta integrala
 
Isaura Leal FEMPeko idazkari nagusiak azpimarratu zuenez, tokiko eremuan hartutako neurriak bereziki garrantzitsuak dira familien beharrei eta ezaugarriei “erantzun gertukoa, integrala eta egokiagoa” emateko.Probintzien eta Udalerrien Federazioko ordezkariak egiaztatu zuen jarduera-arlo horrek gero eta interes handiagoa duela adingabekoak eta familia hartzaile dituzten tokiko politiketako arduradunentzat eta udal-zerbitzuetako teknikarientzat.
 
Era berean, agerian utzi zuen gure gizartean bizi diren familiak eta kulturak anitzak direnez, ezinbestekoa dela familiaren barruan generoaren rolak berriz definitzea, familiaren, lanaren eta bizitza pertsonalaren bateragarritasuna hobetzeko. Horrela, zenbait gai direla-eta, konponbideak bilatu behar dira, hala nola: gurasoen ordutegi oso luzeen ondorioz izaten diren arazoak; ikus-entzunezkoak familia-bizitzan hainbeste sartu izana; adingabekoen babesik gabeko egoerak; genero-biolentzia edo ezinduen eta mendekoan egoera familietan.
 
Pilar Varela Avileseko alkateak kontzeptu berritzailetzat jo zuen gurasotasun positiboa, udalen gizarte-politiken eremuan lan-eremu oso handia zabaltzen baitu. Halaber, udalen politiken garrantzia nabarmendu zuen: “alferrik da lurralde ekonomikoki garatua sortzea, ingurumena iraunkor egin ezean edo kohesio soziala bermatzen duten politika publikoak bultzatzeko gauza izan ezean; hau da, familiekin eta umeekin eta gazteekin zerikusia duten politikak ardatz dira”.
 
Juan Carlos Matok adierazi zuen, bestalde, udalak gizarte-politikak aplikatzeko leku pribilegiodunak direla, eta azpimarratu zuen, aurkeztutako dokumentuari buruz, “praktika eta gogoeta batzen dituela eta ezagupen zientifikoa gehitzen duela”, epe laburrera sendotasun handiagoa emateko lan-ildo bat eskaintzeko helburuaz.

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)

21/09/2010

> Ir a la videoteca_x