FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

FEMPek eta AEVALek kalitatea eta ebaluazioa sustatuko dituzte tokiko zerbitzu publikoetan


FEMPek eta Politika Publikoen eta Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Estatuko Agentziak (AEVAL) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute tokiko administrazioetan kalitate- eta ebaluazio-prozesuak ezagutarazteko eta sustatzeko.Akordioak bi erakundeen arteko informazio-trukeak, prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak eta transferentzia teknikoak biltzen ditu.


 
Hitzarmena FEMPen egoitzan sinatu dute AEVALeko presidente María Luisa Carcedok eta Federazioko idazkari nagusi Isaura Lealek.
 
Akordioaren helburuetako bat tokian-tokian kalitatea kudeatzeko eta udal-politika publikoak ziurtatzeko eta ebaluatzeko programak abian jartzea da.Horretarako, AEVALek beharrezko laguntza metodologikoa eskainiko du, tokiko erakundeen artean ziurtapena eta ebaluazioa ahalbidetzeko.
 
FEMP eta AEVAL lankidetzan arituko dira Kalitatearen aldeko konpromisoen gutuna tokiko erakunde guztietan ezagutarazten eta zabaltzen. Horrez gainera, material didaktikoak prestatzen, editatzen eta dibulgatzen ere elkarrekin egingo dute lan, baita dibulgaziozko prestakuntza-jarduerak eta mintegiak diseinatzen eta irakasten ere.Bi alderdiek tokiko erakundeetan kalitatea neurtzeko azterketak egingo dituzte, behatokiak eta adierazleak erabiliz.
 
Esku-hartze publikoak ebaluatzea oso garrantzitsua da «gobernu onaren» printzipioaren barruan; guztia ere gardentasuna, efizientzia, partaidetza eta kontu-ematea sustatzeko, administrazioek egungo egoera sozialetan eta ekonomikoetan ahalegin eta lankidetza handiagoz garatu beharreko lanak baitira.
 
2009aren bukaeratik, agentziak arreta berezia jarri dio eskualde-administrazioekin helburu hauetarako hitzarmenak ezartzeari: politikak eta programak ebaluatzeko sistema publiko bat egituratzeko, ekintza-bikoizketak galarazteko eta sinergiak sortzeko. Administrazioaren mailek beren artean lankidetzan diseinatu beharko dituzte.
 
Jarduerak
 
Hitzarmen honetan jasotako jardueretako batzuk jadanik gauzatu dira; esate baterako, FEMPek antolatutako «Kalitate demokratikoa eta gobernu ona» mintegia. Mintegi horretako edukiak Espainia osoko arduradun politiko eta udal-teknikari askori helarazi dizkiote.
 
Zerbitzu gutunen gida eta Ebaluazio ereduen gida laster berrikusiko eta eguneratuko dituzte, eta tokiko erakundeei helaraziko dizkiete.Bestalde, kontuan hartuko dute FEMPek administrazio arteko kalitate-sarean eta haren lan-taldeetan parte hartzeko aukera.
 
Akordioa sinatu ostean, FEMPeko idazkari nagusi Isaura Lealek azaldu zuen 2011. urtea erronkaz beteta dagoela, Espainiako egungo egoera sozio-ekonomikoa dela eta. «Soiltasun-garai hauetan, ezinbestekoa da AEVALi eta antzeko aliatuei etengabe laguntzea; haiei esker sor baititzakegu tresnak, materialak eta edukiak gure udalek etorkizunean zailtasunei aurre egin ahal izateko, aurrerapena eta etengabeko hobekuntza oinarri hartuta», gaineratu zuen Lealek.