FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

León, Iruñea, Mataró eta Pontevedrako lau udalek saria lortu dute klima aldaketaren kontrako borrokan egindako jardunbide egokiengatik


Pontevedrako Barro, Poio, Ponte Caldelas eta Vilaboako udalek, eskualdeko elkarte batean bilduta, eta León, Iruñea eta Mataróko (Bartzelona) udalek Jardunbide Egokien saria lortu dute klima-aldaketaren kontrako borrokan egindako lanagatik. Hirugarrenez eman ditu FEMP erakundeak sari horiek, Klimaren Aldeko Hirien Espainiako Sarearen bidez. Vigon izan da sari-banaketa, Klimaren Aldeko Hirien Espainiako Sarearen biltzarraren barruan.


 
Vigoko alkate Abel Caballerok eta Klima Aldaketarako Estatuko idazkari Teresa Riberak banatu zituzten sariak, FEMP federazioaren barruan sortutako Klimaren Aldeko Hirien Espainiako Sarearen VI. Biltzarrean.
Hiri-mugikortasun iraunkorra Leónen
Hirigune historikoan bide-segurtasuna eta hiri-mugikortasun iraunkorra hobetzeko egin dituen jarduerengatik saritu dute Leóngo Udala. Proiektu horren barruan, oinezkoen eremuak sortu ditu, irisgarritasuneko baldintzak aldatu, garraiobide iraunkor eta osasungarriak txertatu, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztu, eta abiadura moteltzea agindu.
Neurri horien guztien helburua, batetik, herritarren bizi kalitatea hobetzea da, eta, bestetik, hiriaren eremu historikoaren irudia hobetzea, turismoa erakartzeko eta ekitaldi gehiagoaren agertokia izan dadin.
Proiektuaren arduradunek mugikortasun iraunkorrarekin zerikusia duten ekintzak nabarmendu dituzte. Nagusiki oinezkoekin, bizikleta erabiltzearekin, ibilgailuen abiaduraren moteltzearekin eta aparkaleku libreen kopurua murriztearekin eta kontrolatzearekin daude lotuta. Udalak, besteak beste, gutxituentzako bi ibilbide turistiko egin ditu eremuan, 3,5 kilometroko bidegorria, eta bizikletak uzteko mila aparkaleku berri.
 
Mataróko «hodi berdea»
Matarón beroa eta hotza ur-zirkuitu itxien bidez banatzeko sarea daukate ezarrita, udalerriko azpiegituretan soberan den berokuntza energiaz baliatzeko. Bada, hain zuzen ere, «hodi berdea» izeneko instalazio horrek jaso du Eko-berrikuntzaren kategoriari dagokion saria.
Proiektua 2003. urtean jarri zuten abian, lohiak lehortzeko fabrika bateko hondakinak berreskuratzean sortutako beroa instalazio eta eraikin publikoetara hornitzeko helburuarekin. Gaur egun, «hodi berdea» delakoak Udalaren hamalau instalazio eta eraikinei ematen die zerbitzu, eta hemendik gutxira itsasertzeraino zabaltzekotan dira, guztira 10 kilometro baino gehiago hartuko dituzten hodien bidez.
Sistema honi esker, Matarón % 15 murriztu dute dagoeneko energiaren kontsumoa, eta % 70 CO2 igorpenak. Helburua proiektuaren amaieran urtero ia 44 milioi kWh-eko energia termikoa hornitzea da; alegia, 7.000 familiak urtean kontsumitzen dutenaren baliokidea. «Hodi berdea» instalazioaren banaketa sarea ezartzeko eta kudeatzeko, enpresa mistoa sortu zuen Udalak –eta, hain zuzen ere, Udalak du parte-hartze handiena–, Energiaren Kataluniako Erakundearekin eta IDAErekin batera.
Gune energetikoa
«Gune energetikoa» proiektuak Pontevedrako Barro, Poio, Ponte Caldelas eta Vilaboako udaletan energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko jarduerak aplikatzen ditu, gizartearen, erakundeen eta ekonomiaren arloetan. Ekimena 2007. urtean sortu zuten, eguzki-energiako eta energia fotovoltaikoko azpiegiturak eraikitzeko eta udaletxe, kirol-instalazio eta argiteria publiko guztietan ikuskaritza energetikoak egiteko.
Halaber, bestelako aldagaien artean lau udalerrietako biztanleen sakabanatze-baldintzak eta garraio kolektiboko oinarrizko zerbitzuen eta ekipamenduen beharrak kontuan hartzen dituen mugikortasun-eredua egin dute. Bestalde, ikastetxeetan energiaren diagnostikoak egin eta zenbait tailer publiko sortu dituzte, lau udalerri horietako biztanleek beren etxebizitzetan «etxe iraunkorra» eraikitzen ikas dezaten. Proiektuak udaleko langileak, irakasleak eta herritarrak oro har eraginkortasun energetikoan eta gidatze arduratsuan prestatzea eta kontzientzia ere barne hartzen du.
Batere isurpenik gabeko eraikinak
 
Lurralde antolamendu, hirigintza eta eraikuntza kategorian, Iruñeko Udala izan zen garaile, tokiko energia kudeatzen egindako lanagatik, oreka bikaina lortu duelako aurrerakuntzaren eta gastu energetikoaren murrizketaren artean.  Iruñeko Udalak jada eginda dauden eraikinetan ez ezik, berrietan ere aplikatzen du politika hori. Horrela, isurpenik ez duten eta A kalifikazio energetikoa duten eraikinak lortzeko helburuari jarraituz diseinatu ditu Udalak azken proiektuak.
Politika horren adibiderik esanguratsuenetako bat San Jorgeko Kirol Hiria da. Udalaren kirol-zentro horretan ezarritako neurri guztiek EKODISEINU irizpideei jarraitu diete. Proiektu horri esker, batere isurpenik egiten ez duen eraikina sortu dute, energiaren eta iraunkortasunaren aldetik ezin hobea dena.