FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Jarduera kutsatzaileei eta airearen kalitatea hobetzeari buruzko arauketa berria


Ministro Kontseiluak airearen kalitateari buruzko araudia gaurkotzen eta hobetzen duen errege dekretu bat eta atmosfera kutsatzen duten jardueren arauketari buruzko errege dekretu bana onartu ditu. Testu horiek 2007ko Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko Legea garatzen dute, baita betetzeko bidea erraztu ere, gai honen gainean indarrean dauden araudi guztiak bateratzen dituen artikulu multzo baten bidez. Autonomia erkidegoek dekretu horiek aplikatzeko eskumen zabala izango dute.


 
Airearen kalitatea hobetzeari buruzko errege dekretuak araututako kutsatzaile bakoitzaren kasuan lortu beharreko airearen kalitate helburuak zehaztu eta definitzen ditu. Halaber, Estatu osoan airearen kalitatea nola ebaluatu (neurketen eta modelizazioaren bidez) zehazten du, baita ebaluazioaren emaitzen arabera ondoren nola kudeatu ere. Bestalde, udal, autonomia erkidego, estatu eta Europako administrazioen artean zer informazio partekatu behar den finkatzen du.
 
Berritasun nagusien artean, 2,5 μm-koak (PM 2,5) baino txikiagoak diren partikulei buruzko betebeharrak sartu dira, zuzentarauaren zehaztapenei jarraituz, eta Espainiako eskualdeetako estazioetan zein bostehun mila biztanletik gorako hirietako zirkulazio estazioetan aireko amoniako kontzentrazioa zaintzeko betebeharra ezarri da.
 
Gainera, 2007ko Legeak aurreikusitako airearen kalitatea hobetzeko planen edukiak zehaztu dira, eta, bereziki, Gobernuak iturriei, dispertsioari eta kontzentrazioei dagokienez antzeko jokabidea antzematen zaien kutsatzaileak arautzeko gauzatuko dituen plan nazionalena.
 
Azkenik, partikulen balore mugen aplikazioan salbuespenak eskatzeko eta nitrogeno dioxidoei eta bentzenoari dagokienez balore horiek errespetatzeko epeak luzatzeko baldintzak eta prozedura arautu da. Baimen horiek ematea Europako Batzordearen esku egongo da.
 
 
Jarduera kutsatzaileen katalogoa
 
Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen errege dekretuari dagokionez, testu berriak arauketa eguneratu du, atmosfera kutsatzen duten isuriak sortzen dituzten instalazioak katalogatu ditu, eta instalazio horiek eragin dezaketen kutsadura mailaren arabera bereizi ditu. Horrez gain, isurpenak minimizatzeko eta kontrolatzeko bete behar dituzten baldintzak garatu ditu.
 
Gainera, arau honek instalazioen gai honi lotutako kostuak murriztea ahalbidetuko die jabeei eta administrazioei, jarduera bakoitzari bere kutsatzeko ahalmenaren arabera aplikatu dakizkiokeen baldintzak modulatuko direlako eta, horren bitartez, prozedurak eta kontrolak sinplifikatuko direlako.
 
Betebeharrak
 
Araua osatzeko, instalazioen jabeentzako zenbait betebehar orokor garatu dira, adibidez: isurpenen kontrolak egin behar dituzte, egindako neurketen erregistro bat izan behar dute eta isurketei zein kontrolei buruzko informazioa erkidego autonomoko organo eskudunari jakinarazi behar diote.
 
Halaber, bi araudi hauek 1977ko Errege Dekretua indargabetu dute. Dekretu horrek 38/1975 Lege zaharra garatu zuen, eta lege hori indargabetuta zegoen dagoeneko, 2007ko Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko Legeak ordezkatu baitzuen. Beraz, airearen kalitatea eta atmosferarako kutsagarriak izan daitezkeen jardueren testu arautzailea behin betiko eguneratuta geratu da.
 
Ekimen hauen bidez, Gobernuak kutsadura arazoak gutxitzea espero du, bai tokian tokikoak, bai globalak, eta airearen kalitatea hobetzea sustatu. Hala, zenbait kutsatzaile atmosferikok giza osasunean eta ingurumenean eragiten dituzten kalteak saihestu, prebenitu edo gutxituko da.

Erlazionaturiko dokumentuak

Erlazionaturiko dokumentuak

Nota

(0.0Kb)