FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Sinatu dira biodibertsitatearen aldeko 14 proiektu burutzeko konbenioak


Biodibertsitatea areagotzeko proiektuetarako lehiaketako bigarren edizioan saria lortu duten 14 toki-erakundeetako ordezkariek hitzarmen bana sinatu dute, FEMPen, proiektu horiek aurten bertan gauzatu ahal izateko.


Lehiaketarako deialdia Ingurumen Ministerioak, FEMPek eta Fundación Biodiversidad-ek egin zuten, eta lehen hiru sariak Tremeko (Lleida), Malagako eta Coveloko (Pendevedra) udalek irabazi dituzte, eta, hortaz, 200.000, 150.000 eta 100.000 euro eskuratuko dituzte hurrenez hurren, hau da, proiektuak burutzeko aurrekontu osoa.
Baina, ez zen hori dena izan, beste toki-erakunde batzuek ere jaso zuten saritxoa, egindako lanarengatik, alegia udal hauek: Ainsa-Sobrarbe (Huesca); Aranjuez (Madril); Camargo (Kantabria); Pedraja del Portillo (Valladolid); León;  Nigrán (Pontevedra); Santander; Totana (Murtzia); Valle de Mena (Burgos); Villacañas (Toledo); eta Soriako diputazioak. 50.000 eurona jasoko dute, bakoitzak bere proiektua gauzatzeko.
Lehiaketa horretan parte har dezakete udalek, aldundiek, kabildoek eta uharte arteko batzarrek, baldin eta FEMPeko kideak badira eta Toki Gobernuak + Biodibertsitatea 2010 Sareko kideak badira. Lehiaketako gaia izan da ikustea nork duen iraungarritasunerako eta natura zaintzeko politikak armonizatzeko proiekturik onena, azken batean, bakoitzak bere lurraldeko biodibertsitatea areagotzeko.
FEMPen bertan egin zen ekitaldia, eta han egon zirenen artean, aipa ditzagun Isaura Leas FEMPeko idazkari nagusia, Ana Leiva Fundación Biodeiversidadeko zuzendari nagusia, eta Felipe López Tokiko Gobernuak + Biodibertsitatea 2010 Sareko lehendakaria eta Jaengo Diputazioko lehendakaria.
Felipe Lópezek udalerriei esan zien beldurrik gabeko egiteko biodibertsitatearen alde, "geure etxean inbertitzeko baita", eta azpimarratu zuen tokiko gobernuek zeregin ikaragarria dutela egiteko jendeari gauzak behar bezala azaltzen, biodibertsitateak gure lurretan daraman gainbeherako joerari buelta emango badiogu. Aldaketa klimatikoaren aurka egin beharrekoa baino are eta ahalegin handiagoa omen da gai honetan egin beharrekoa, jendea ez baitago arazo honetaz hain jabetuta.
FEMPeko Tokiko Gobernuak + Biodibertsitatea 2000 Sareko lehendakariak azpimarratu zuen tokiko gobernuen lana ezinbestekoa dela, gai honetan inola ere aurrera egingo badugu, baina beste gauza bat ere adierazi zuen: horretarako, administrazio guztiek lagundu beharko dutela, bestela alferrik izango dela. “Baten batek pentsatuko du indarrak auzoan uztea dela, baina errentagarria ere bada, ekonomikoki errentagarria, eta jendeari hala dela ikusarazi behar zaio”.
Ana Leiva Fundación Biodiversidadeko zuzendariak biodibertsitatea zein gauza baliotsua den adierazi zuen, baliotsua gizarterako, kulturarako eta ekonomiarako; eta Nazioarteko Urte honetan, ardurapean duen fundazioaren ametsa omen da Espainiako herri eta hiri guztietan biodibertsitateaz berba egitea.
Proiektuak
Lehenengo saria, 200.000 eurotakoa, Trempeko Udalak irabazi du. Aurkeztu duen proiektuak udalerria sozioekonomikoki bizkortzea du helburu, natur baliabideak baliatuz. Aurkeztu duen lanak hainbat alderdi du: espezie eta habitat batzuei buruzko azterlanak, ur-lekuen zerrenda eta txukuntze-lanak, eta naturaz gozatzeko turismoa sustatzea.
Malagako Udalak 150.000 euro hartuko ditu, Bionaiztasuna Kontrolatzeko Etxerako, edo, hain zuzen ere, herriko lurretan kamaleoi arrunta ez galtzeko eta ugaritzeko egiten dituen lanak ordaintzen laguntzeko.
Eta iritsi gara Pontevedrara. Coveloko Udala Suído eta Río Aléngo mendietan ari da lanean, biodibertsitatea hobetu nahian. Hainbat habitat eta basa-espezierekin, horrelako lekuak nola txukundu eta zaindu daitezkeen erakusteko proba-proiektu bat nahi dute garatu.
Gainerako proiektuek 50.000 eurona jaso dute gutxi gorabehera. Denek ere gauza bera nahi dute, orokorrean: bakoitzak bere lurreko biodibertsitatea zaindu eta aberastu egin nahi du, baina, hurbilagotik begiratuz gero, egiten dituzten lanak askotarikoak direla ikusiko dugu. Esate baterako, Sorian, Monkaio aldean, Soriako Diputaziokoak saguzarrak ugaritu nahian eta balioko gauza moduan ikusarazi nahian dabiltza; eta Santanderren, berriz, udalekoek herriko parke eta lorategi pribatu eta publikoetan pausatu dute begirada, eta han bizi dituzten basa-espezieak ugaritzeko ahaleginean dabiltza.