FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Udalak, pobreziaren aurka lanean


Pobreziaren aurkako eta lan duinaren aldeko aldarrikapen-ekintzak, horren aldeko manifestuen irakurketak eta, batez ere, horren aldeko konpromiso-erakusteak egin dituzte Espainiako udal asko eta askok urriaren 17an, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean; lan duina izan da aurtengo ospakizunen ardatz.



 
 
 
“Lan egokia eta produktiboa da pobreziaren aurka egiteko eta autosufizientzia bultzatzeko biderik eraginkorrenetakoa”; hitz horiek izan dira Nazio Batuetako idazkari nagusi Ban Ki-moon-en mezuaren mami aurten, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Espainiako hainbat udaletan ere izan da ekimenik egun horren inguruan.
 
Zuzen-zuzen alkatetzen bidez, edo garapenerako nazioarteko lankidetzaz arduratzen diren arloetakoek bultzatuta, gure herrialdeko udalek hainbat ekintza antolatu dituzte –kontzertu, manifestu-irakurketa zein hitzaldi–, herritarrak arazo honetaz jabe daitezen.
 
Lan egokia, enplegu duina eta irabaziak sortzen dituzten bizibideak dira aurtengo oinarrizko printzipioak; izan ere, 30 milioi lagun gehiago daude orain lanik gabe, eta biztanleria aktiboak enpleguak kolokan ditu, eta ez du hitzarmen eta kontratu formalik.Idazkari nagusiak gobernuei eskatu die enplegua sortzeko, lan-baldintza onak sustatzeko eta gizarte-babesa sendotzeko politika ekonomiko eta sozialetan inbertsioak egin ditzaten.
 
Nazio Batuetako Batzar Nagusiak Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egun izendatu zuen urriaren 17a, 1993ko martxoan onartutako Ebazpen baten bidez; ordurako, gai hau eta txirotasunaren kontrako borroka “hamarkadaren garapenerako” lehentasunen artean zeuden. Egun horren izendapenak jarraipena eman zion aurrez hainbat GKEk hasitako bideari, eta, ordutik bertatik, ahalegina egin zen mundu guztiko gobernuek arazo honi buruz jendea sentsibilizatzeko esku har zezaten.