FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

2011n udalei zorpetze-muga kentzeko eskatuko du FEMPek


FEMPeko Batzorde Eragileak kide guztien adostasunez erabaki du Defizit publikoaren murrizketari buruzko Errege Dekretuan ezarritako zorpetze-muga 2011. urtean kentzeko eskatzea. Neurriak hasita dauden proiektuei, beste erakunde edo erakunde autonomiadunekin batera finantzatutako proiektuei eta urte anitzekoak direnei eragingo lieke, baita birjarpen-gastuei ere.


FEMPeko Batzorde Eragileak mozio bat idatzi eta Espainiako tokiko gobernu guztiei bidaliko die, uztailean osoko bilkuretan onar dezaten eta hartutako erabakia Gobernuari eta Kongresuko eta Senatuko parlamentu-taldeei bidal diezaieten, horien edukia Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren Legean jaso ahal izan dadin.
 
Mozioan, udalek Gobernuari eskatuko diote goian aipatutako kasuetan zorpetze-muga kentzeko, eta zorpetze-mugak ezartzeko unean, kontuan hartzeko, batetik, udal bakoitzaren zorpetze-maila eta, bestetik, ekonomia- eta finantza-kaudimena.
 
FEMPen iritziz, epe luzerako kredituak eskatzeko muga, maiatzaren 28ko Errege Lege Dekretuak ezarria, ez zaie aplikatu behar udal guztiei berdin, zeren guztien egoera eta kaudimena ez dira berdinak.
 
Batzorde Eragilearen bileraren ondoren, FEMPeko lehendakari Pedro Ramosek azaldu zuen udal bakoitzaren egoera errealaz gain, kontuan hartu behar dela urte anitzeko proiektu asko daudela finantziazioa programa nazional edo europarrei lotuta dutenak, eta eraginda gerta daitezkeela toki-entitateek beren gain hartutako eginbeharrak betetzeari dagokionez.Kasu berberean egongo lirateke hitzarmen bidez konprometitutako proiektuak edo birjarpen-gastuak, horietarako ere berariazko baimena eskatzen baita.
 
FEMPeko Batzorde Eragileak, halaber, erabaki du Gobernuari eskabidea egitea 2008ko ekitaldiari dagozkion konturako aurrerakinen likidazioen itzulketa (1.600 bat milioi euro) 2012an itzultzen hasteko, eta ez 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, hasieran aurreikusi zen bezala.Pedro Castrok adierazi zuen udalak jakitun direla erantzukizun hori onartu behar dutela, baina beste atzerapen bat eskatzen dutela, datorren urtean izango dituzten zailtasunak kontuan izanik.
 
KOI kredituak
 
Bestalde, FEMPeko Batzorde Eragileak erabaki du Gobernuari eskatzea lehenbailehen aplika dezala toki-entitateentzako zuzeneko kreditu-lerroa, enpresekin eta autonomoekin dituzten zor irmo ordaindugabeen ordainketa errazteko, zor horien epemuga 2010eko apirilaren 30a baitzen; izan ere horixe xedatzen baitu merkataritza-eragiketetan berankortasuna saihesteko Legeak, zeinak 30 eguneko epea ezartzen baitu.
 
Legeak, zeina oraindik ez baita EAOn argitaratu, 30 eguneko epea ezartzen du Gobernuak, KOIren bitartez, kreditu-lerro hori bidera dezan eta lehentasunezko baldintzetan eman dezan.  
 
Berritasun garrantzitsua da testuak aipatzen duela –laugarren xedapen gehigarrian– kreditua kasuz kasu itzuli ahal izango dela tokiko finantzazioaren sisteman egingo den aldaketa indarrean sartu ondoren, betiere lehen ez bada amortizatu.Kitapena, horrenbestez, Estatuko diru-sarreretan duen partaidetzatik datozen baliabideak alde batera utzita egingo da, eta hornitzaileei aitortutako obligazioei lotuta.

 Beste erabaki batzuk
Batzorde Eragileak, halaber, Federazioko langileen ordainsariak gutxitzeko erabakia hartu du, betiere, udalek, foru-aldundiek eta irletako kabildoek defizit publikoa murrizteko onartutako aparteko neurrien esparruan –horien artean 8/2010 Errege Lege Dekretua– eta toki-administrazioko alkate, zinegotzi, lehendakari eta goi-kargudunen ordainsariak murrizteari buruz FEMPeko Batzorde Eragileak maiatzaren 25eko bilkuran hartutako erabakiekin bat etorriz.
Azkenik, Batzorde Eragileak onespena eman zion lau lankidetza-hitzarmen sinatzeari. Hitzarmen horietako bi Lan eta Immigrazio Ministerioarekin egingo dira, eta beste biak Turespañarekin eta Herri Administrazioko Institutu Nazionalarekin (INAP).

Kontseilu Federala

Batzorde Eragilearen erabakiak Kontseilu Federalak berretsi zituen geroago egindako ohiko bilkura batean.Bilkura horretan, gainera, Federazioaren 2009ko urteko kontuak onartu zituen, eta gomendioa egin zien Udalerri eta Probintzietako Lurraldeko Federazioei langileen ordainsariei buruz FEMPek hartutako neurriak aplikatzeko